Ester Poveda, Ane Arrugaeta eta Joxe Aldasoro dira Ahozko Narrazio lehiaketako finalistak
Datorren martxoaren 27an egingo dute Gala Nagusia, Ordiziako Barrena Kultur Etxean.
Ordiziako D´elikatuz gunean eman zioten hasiera asteburuan aurtengo Ahoz aho jaialdiari, zortzigarren Ahozko Narrazio Lehiaketarekin. Aurkezle lanetan Ane Gebara kontalaria aritu zen eta sei partaide izan ziren lehiaketan. Xabier Gonzalez (Barakaldo), Leire Zinkunegi (Orio), Ane Arrugaeta (Gasteiz), Ester Poveda (Berrobi), Joxe Aldasoro (Etxarri-Aranatz) eta Aitziber Sampedro (Orendain).
Hauek izan dira lehiaketara aurkeztutako ipuinak: Zurginaren ipuina, Olatua, Beti bezala, ezer ez!, Nire maletaren ipuinak, Arotza eta Lama eta Imajinatu. Partaide bakoitzak bere ipuina modu propioan defendatu zuen, kontatzeko estilo ezberdinak ikusteko aukera emanez.
Epaile lanetan Iñaki Carretero, Itziar Rekalde, Irati Goikoetxea, Imanol Arabaolaza, eta May Gorostiaga aritu ziren. Publikoak ere izan zuen bere iritzia emateko aukera, ikusle guztiek boto bana zuten gehien gustatutako ipuinari emateko, modu horretara zuzenean sailkatuz partaideetako bat.
Publikoaren botoak eta epaileen puntuaketak kontatu bitartean, Kicirkeren malabareetaz gozatzeko aukera egon zen.
Finalerako pasea Ester Povedak, Ane Arrugaetak eta Joxe Aldasorok lortu zuten. Datorren martxoaren 27an Ordiziako Barrena Jauregian egingo den Ahozkotasunaren Gala Nagusian izango dira, aurtengo kalabaza jasotzeko lehian arituko direnak.