Poweralu, emakume gazteen aldarrikapenak
Berdintasunaren aldeko mezuak dantzarekin ere zabaldu daitezkeela erakutsi dute Legazpiko Poweralu taldeko neska gaztetxoek. Borroka feminista indartsu dagoela eta etorkizuna baduela erakutsi dute .
Poweralu izeneko neska nerabeen taldeak amaiera berezia eman zion igande eguerdian Legazpiko plazan, Matraka emakume taldeak antolatutako martxoaren 8ko manifestazio feminista jendetsuari. Herriko neska gaztetxo horiek dantzaren bitartez ospatu eta aldarrikatu zuten Emakumearen Nazioarteko Eguna, Huntza taldearen Zer izan abestiaren doinuez lagunduta.
Dantza feministaren aurretik, Poweralu taldeko neskek aldarrikapenez beteriko manifestu bat irakurri zuten, eta aurretik emakume helduagoek egin zuten bezala, berdintasunaren aldeko mezuak zabaldu zituzten, etxera joaterakoan beldurrik ez izateko eskubidea, etxeko lanetan berdinak izateko eskubidea eta lan berdinerako soldata berdina izateko eskubidea ozen defendatuz, besteak beste. «Emakumeok gure gorputza nahi dugun bezala apaintzeko eta zaintzeko askatasuna» ere aldarrikatu zuten, eta «gu ez gara zakurrak» esanez, txistuak eta aginduak ez dituztela gogoko jakinarazi zuten. «Gu pertsonak gara, zuek bezain askeak eta errespetu berdinez tratatuak izatea merezi dugu» esanda, eta «gora borroka feminista» oihukatuta amaitu zuten manifestuaren irakurketa Poweraluko neskek, eta dantzarekin jarraitu zituzten euren aldarrikapenak.
Feminismoa eta dantza
Udalaren Nerabeentzako Zerbitzuko kideak dira Poweralu neska gazteak. Iaz, Urola Garaiko Mankomunitateko Berdintasun arlotik zerbitzu horrek jasotako proposamen baten emaitza da taldea. Hain zuzen, dantzaren bidez, feminismoaren gaia jorratzeko proposamena egin zieten nerabeei.
Gorputz adierazpen dinamika desberdinen lanketa zen proposamenaren oinarria. Oihane Vicente dantza irakasleak gidatuko zuen proiektua, Nerabeentzako Zerbitzuko hezitzaileen la- guntzarekin. Sormena eta gorputz askatasuna sustatzea, norbere buruarengan eta taldearengan konfiantza lantzea eta emakume bezala ahalduntzea ziren helburu nagusiak.
Mankomunitateko Berdintasun alorrak egindako gonbiteari 12 urteko 18 neskek heldu zioten, eta sei saiotan zehar garatu zuten proiektua, Nerabeentzako Zerbitzuan bertan. Matraka Legazpiko talde feministaren laguntza jaso zuten prozesu osoan zehar. Emaitza, igandean eskaini zuten dantza saioa izan da. Horren atzean, ordu batzuetako entsaioez eta azken orduko urduritasun uneez gain, sormena, gorputz aniztasuna, ahalduntzea eta talde kohesioaren lanketa daude.
Emakumeen indarra
Poweralu izen artistikoa jarri diote taldeari. «Literalki aluen indarra» esan nahi duela azaldu dute. Izen horrekin, «emakumeen indarra eta emakumeen aurka dagoen etengabeko indarkeria» salatu nahi dute.
Neska gaztetxo horiek erakutsi duten jarrera positiboak, gogoak eta kemenak emakumeen borrokarako hazia ondo ereinda dagoela erakusten dute.