Lasaitasun mezua eman eta prebentzioa indartu dute
Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak prebentzio neurriak indartu dituzte, birusaren aurrean. Osasun zentroak, adinekoen egoitzak eta ikastetxeak dira arreta gune nagusiak
Hego Euskal Herrian izan diren koronabirus kasuei aurre egiteko, hainbat prebentzio neurri hartzen ari dira erakunde publikoak. Eusko Jaurlaritzak protokoloak jarri ditu martxan osasun zentroetan eta ikastetxeetan, eta foru aldundiak beste horrenbeste egin du adinekoen egoitzekin eta eguneko zentroekin.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eta Nekane Murga Osasun sailburuak egindako agerraldian, lasaitasun mezua zabaldu nahi izan dute, eta herritarrei dei egin diete «birusaren hedapenari eusteko ezarritako gomendioak» bete ditzaten. Zentzuz jokatzeko deia egin dute beste behin, eta higienearen garrantzia azpimarratu dute; eskuak sarri garbitzea, esaterako, «prebentzio neurri garrantzitsua» dela gogorarazita.
Bestalde, eskerrak eman dizkiete osasun-profesionalei, «koronabirusaren ondorioz sortzen ari den egoeraren aurrean egiten ari diren ahaleginagatik». Sintomak dituzten herritarrei edo arrisku guneetan izan direnei, zuzenean osasun zentroetara joan ordez, etxean gelditu eta 900 20 30 50 telefono zenbakira deitzeko eskatu diete.
Ikastetxeei begira ere hainbat neurri hartu dituzte, eta joan den ostegunetik, martxan dute prebentzio protokoloa. Ikasleei tenperatura hartzea eta eskuak behin baino gehiagotan garbitzea dira neurrietako batzuk.
Adinekoen zentroak
Birus horren aurrean, adinekoak dira arrisku talde nagusietakoak, eta horiei begira ere, hainbat neurri hartu dituzte. Gipuzkoako Foru Aldundiak mugatu egin ditu adinekoen zentroetako bisitak. Eider Mendoza bozeramaileak «prebentzio eta euste fasean» daudela azaldu du. Egoitzetan eta eguneko zentroetan, bisiten maiztasuna eta denbora mugatu eta higiene neurriak zorroztu dituzte.
Lurraldebusen garraio zerbitzuari begira ere prebentzio neurriak hartu ditu aldundiak. Ibilgailuen garbiketa indartu eta erabiltzaileak informatzeko kartel eta bideoak jarriko dituzte.













