Leopoldina Rosa aldi baterako erakusketa luzatu dute
Ormaiztegiko Zumalakarregi Museoak urte bukaerara arte zabalik mantenduko du 'Leopoldina Rosa, gaur egungo istorio bat' erakusketa.
Leopoldina Rosa, gaur egungo istorio bat erakusketa luzatu du Zumalakarregi Museoak. 2019ko irailean ireki zuten, eta martxoaren 22ra arte utzi behar bazuten ere, epea luzatzeko erabakia hartu dute izan duen harreragatik. Urte bukaera arte utziko dute azkenean: abenduaren 31ra bitartean egongo da ikusgai.
Aldi baterako erakusketa honetan bisita gidatuak eskaintzen dituzte, museoko kolekzio eta dokumentazio arduradunaren eskutik. Doakoa da, baina aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da, museora deituta edo mzumalakarregi@gipuzkoa.eus helbidera idatzita.
XIX. mendeko euskal emigrazioa abiapuntu hartuta, gaur egungo migrazio prozesuetaz hausnartzeko aukera ematen du aldi baterako erakusketak. Ikuspegi Inmigrazioaren Euskal Behatokiaren laguntza izan du Zumalakarregi Museoak gaur egungo migrazio egoerarekin alderaketa egiteko.
Urperatutako fragata
Leopoldina Rosa fragata Baionatik irten zen Uruguaira iristeko helburuz, Euskal Herriko hainbat migratzailerekin. Baina iritsi baino lehen, bertako kosta inguruan hondoratu zen, Punta Castillosen, 1842. urtean. 345 tona pisatzen zituen, eta hiru mastako itsasontzia zen. 300 bidaiari inguru zituen, eta 70 inguruk lortu zuten bizia salbatzea.













