Saroi Jauregik Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaritza utziko du, 10 urteren ondoren
Gipuzkoako Bertsozale Elkarteak zuzendaritza berria onartuko du, eta "ezinbesteko" jo dute lehendakaritza taldean hartzea.
Hamar urte Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakaritzan egin eta gero, Saroi Jauregi zaldibiarrak kargua utziko du. Hala onartu du elkarteak, joan den ostegunean Villabonan egindako batzar nagusian. Jauregik iaz eskatu zuen erreleboa, eta aurten, zuzendaritza berria osatuko dutenen izenak onartu dituzte. Egungo Zuzendaritza Batzordeak Asier Azpiroz proposatu du erreleboa hartu eta lehendakaritza taldeko kargudun moduan, eta proposamena aldeko 28 botorekin onartu da. Elkartearen “lehentasunezko egitekoa” lehendakaritza taldea osatzea izango da orain.
Villabonako batzarrean, elkartearen 2019ko balantzea egin zuten Saroi Jauregik eta Eneritz Artetxek. Iñaki Gurrutxagak, Asier Azpirozek eta Iker Iriartek, berriz, 2020rako egitasmoa aurkeztu zuten. Elkartearen funtzionamenduaren inguruko partaidetza prozesua ere hizpide izan zuten, eta Beñat Gaztelumendik eta Jon Agirresarobek eman zituzten xehetasunak.
Behin aurrekontua eta egitasmoa onartuta, Saroi Jauregik hartu zuen hitza. Bertsozale Elkarteak “euskalgintzan eta kulturgintzan izan beharko lukeen ekarpena” kontuan izanda, ezinbesteko jo zuen “Gipuzkoako lehendakaritza taldean” hartzea eta erreferente ezberdinak sortzea. Zuzendaritza Batzordean kide berriak sartzeko beharra ere ikusi dute.