Ardi gazta berrian, aukera zabala
Bi hilabetez ondu eta gero, azokako gazta salmenta postu guztietara iritsi da ardi gazta berria. Udaberriko lore eta landare berri gehiago ekarri dituzte, eta zizak eta onddoak ere bai.
B adira aste batzuk ardi gazta berria iritsi zela Ordiziako feriara, postu batera lehenengo, beste batera gero… Dagoeneko, gazta saltzaileen postu guztietan eros daiteke. Idiazabal jatorri izendapenaren baldintzei jarraituz, bi hilabetez ondu eta gero merkaturatzen da. Zaporez zaharra baino suabegoa da, eta kolorez, argiagoa, eta aukeran da ketua eta ketu gabea.
Esan beharra dago Ordizian eros daitezkeen ardi gazta guztiek ez dutela Idiazabal etiketarik. Izan ere, batzuk Artzai Gazta zigilua daramate bakarrik, eta beste batzuk bat ere ez. Denak dira, ordea, ardi gaztak. Prezioak ere, ezaugarri horien menpe daude, baina orokorrean, kiloa 18 eta 19 euro artean dago salgai; merkeagoa da etiketarik gabekoa, 16 eurotik hasita.
Saltzaileei dagokienez, udaletxeko arkupeetan jartzen den Itziar Etxeberria, eta plaza barruko Mikel Lasa, Patxi Atienza, Andres Etxabe eta Edurne Ezenarro aipatu behar dira. Azken bi horiek, saltzaileak ez ezik, ekoizleak ere badira; Etxabek Urretxun, Mugitegi industrialdean duen pabilioi batean egiten ditu gaztak, Etxabe izenarekin, artzainei erositako esnearekin. Edurne Ezenarrok, berriz, etxeko ardien esnea erabiltzen du Xoxote izeneko gazta egiteko, Azpeitiko Berastegi baserrian. Bi gaztek, Etxabek eta Xoxotek, Idiazabal jatorri izendapena dute.
Ardiarena ez da, bestalde, Ordiziako ferian eros daitekeen gazta bakarra; Etxeberriak, Lasak, Etxabek eta Atienzak aukera zabala dute behi eta ahuntz gaztetan, baita nahasietan ere. Behi gazta saltzen dute, baita ere, Olaberriko Judith Garziak Behieko markarekin eta Mutiloako Beñat Telleriak Telleria izenarekin; biak ekoizleak ere badira. Ahuntz gazta Aldaba Zaharrekoen postuan ere eros daiteke.
Zizak eta onddoak
Bestelakoan, atzoko feriak ez zuen berritasunik aurkeztu, udaberriko lore eta landare gehiago izan ezik. Baratzea geldi dago oraindik, baina babak aurrera doazela eta tamaina politean daudela zioten batzuk.
Perretxikoetan ere ez zen nobedaderik izan, eta aurreko asteko kontu bereberak ziren atzokoan Lasaren postuan: Nafarroan bildutako ziza batzuk, kilo eta berrehun gramo, kiloa 150 euroan; eta 16 bat kilo onddo, Zamorakoak, honako hauek 35 euroan kiloa.