Arriarango proba maiatzaren 16ra atzeratu dute
Koronabirusa dela eta hartu dute neurria. Proba asteburuan jokatzekoa zen, baina antolakuntzak jakinarazi du maiatzera atzeratuko dutela.
Xabier Mendizabalen oroimenezko Arriarango bederatzigarren mendi lasterketa ez da asteburu honetan jokatuko. Hala jakinarazi du probaren antolakuntzak. Koronabirusa dela eta hartu dituzten prebentzio neurrietako bat da. Beste hainbat ekitaldi bezala, atzeratu egin behar izan dute, eta dagoeneko zehaztu dute data berria: maiatzaren 16an izango da. Proba luzerako 130 lagun zeuden izena emanda eta beste 70 laburrerako. Egun horretan etortzerik ez dutenei, antolakuntzako kideekin harremanetan jartzeko eskatu diete.
Arriarango lasterketak 23 kilometroko eta 11 kilometroko bi ibilbide izango ditu, eta Goierri Trail Koparako puntuagarriak izango dira. «Korrikalariek jada ezagutzen dute ibilbidea. Ongi funtzionatzen du, eta eutsi egin diogu», aipatu du Goio Mujika antolatzaileak. Proba luzeak 23 kilometro pasatxo ditu, eta 1.300 metroko desnibel positiboa. Korrikalariak Arriarango auzotik abiatuko dira eta Lupazketa gainera joango dira zuzenean. Bertatik, Mendizabalera jaitsiko dira, eta segidan, Asti eta Pagobakar muinen magaletik Usurbera igoko dira. Bertan dago lasterketaren punturik garaiena 709 metrorekin. Usurbeko tontorretik Zormendi aldera joko dute korrikalariek, baina gailurra zapaldu gabe behera hartuko dute urtegiraino. Presa inguratu eta berriz ere Arriaranera itzuliko dira proba amaitzeko; Proba laburrak hamaika kilometroko luzera du, eta 550 metroko desnibel positiboa. Usurbera igo beharrean mendi magalean itzuli laburragoa emango dute urtegiraino heldu arte, handik aurrerako azken sei kilometroak proba luzeko berberak izango dira.
Txindokiko probarik, ez
Txindokokiko Kilometro Bertikala bertan behera uztea erabaki dute antolatzaileek. Maiatzaren 16an zen egitekoa, baina aurten ez da lehiarik izango. 2021ean itzuliko direla aipatu dute sare sozialetan egindako adierazpenean. Kilometro bertikala Goierri Trail Kopako berritasunetako bat zen, 6. proba puntuagarria baitzen.