Ordiziako udalbatza Enirio-Ararlako auzipetuen gastuak ordaintzearen aurka agertu da
Enirio-Igaratza pistaren alde egin zuten Enirio-Aralar Mankomunitateko ordezkari ohiek babes eskaera egin zuten. Ordizia Orainek aurkeztutako mozioa aurrera atera da, EH Bilduren aldeko botoekin. Gaur dute mankomunitateko bilera.

Enirio Aralar Mankomunitateko zuzendaritza batzarra bilduko da gaur arratsaldean, Ordiziako udaletxean, 18:30ean. Lehen puntuan, pasa den agintaldiko zazpi ordezkariek egindako defentsa gastuen eskaera, eta aurre egiteko dagokion ekarpen berezia onartzea landuko dute. Izan ere, Ingurumen Fiskaltzaren eskariz, baliabide naturalen eta ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik eta Enirio Igaratzako pista egikaritzearen ondoriozko lurralde-antolamenduaren aurkako delitu batengatik, Enirio Aralar Mankomu- nitateari eskatzen diote, abokatuaren eta prokuradoaren gastuak bere gain har ditzala, batzordeko kide gisa jardun zutela argudiatuz. Zazpi ordezkari horien artean dago Jose Migel Santamaria, Ordiziako alkate ohia eta Enirio Aralar Mankomunitateko presidente ohia.
Eskaera horri lotuta, Ordizia Orain-Podemosek, iragan otsailaren 27an Ordiziako udalbatzan eskatu zuen, Mankomunitateko batzarraren aurretik, Ordizian ez ohiko batzarra egitea, gaia aldez aurretik lantzeko, eta hala egin zuten herenegun.
Ordizia Orainek mozioa aurkeztu zuen ez-ohiko bilkuran, udalbatzari ondorengo proposamena adostea eskatuz: «Mandatu bat egitea alkateari, Mankomunitateko Batzarreko Ordiziako batzordekide eta lehendakari denari, dagokion bilkuran botoa eman dezan ikertuen gastuak ordaintzeko aukerarik ez dagoelako». Izan ere, Ordizia Orainen eskariak gehitzen du « Santamaria jaunaren kasuan osoko bilkuraren agintaldiaren aurka jardun» zuela, eta gainerakoei dagokienez, «erabaki hura hartzeko interes berezia zegoelako, eta nolanahi ere, erabaki hori, gaur, ustezko delituagatik instruitzen ari denez, ezin izango da inolaz ere ordaindu, harik eta prozedura penala egozten zaizkien karguengatik absoluzio-ebazpen batekin amaitzen den arte», eta Santamariaren kasuan, «inolaz ere ez, osoko bilkuraren erabakia errespetatu izan balu, ez bailitzateke gaur egun egoera horretan egongo».
Horrez gain, Ordizia Orainek udalbatzari eskatu zion, «xede horretarako inolako ekarpenik ez ematea». Azkenik, «2016ko azaroaren 3ko osoko bilkuran onartutako baldintza berberak berretsi» diezazkiola ere eskatu zion Mankomunitateari.
Kontrako jarrerak
Adur Ezenarro Ordiziako alkatea eta mankomunitateko lehendakariak esan zuen, Santamariak Enirio Igaratza proiektuari baiezko bozka eman ziola «Ordiziako udalbatzak adostutakoaren kontra», eta «beste interes batzuen alde, interes partidistak edo pertsonalak».
Santamariak erantzun zion «oker» dagoela, eta aurpegiratu zion, pista proiektua onartu zen mankomunitateko 2018ko uztaileko batzordean, EH Bilduko hainbat ordezkari ez zirela «ausartu batzarrera sartzen». Haiek bozkatu izan balute, agian, «pista proiektuak aurrera egingo ez» lukeela. Mozioari dagokionez, Santamariak esan zuen «balio juridikoa duen mozio bakarra, zentsura mozioa» dela. «Aurreko legealdian, oposizioan zeuden EH Bilduk eta Ordizia Orainek gehiengo absolutua zuten eta ez zuten aurkeztu». Horrela, oposizioan egon ziren alderdiak, Santamariak mankomunitatean pisten alde emandako bozkaren erantzule egin zituen.
Ordizia Oraineko Mila Sukiak ironiaz erantzun zion Santamariari, «beste behin ere jarrera oso demokratikoa erakusten» ari zela. Udalbatzak egin zion mandatua bere gain ez hartzeko «ezintasuna, gehiegizkotzat jo» zuen.
Bozketaren unean, Santamaria mahaitik altxatu zen, batera ezintasunagatik. Ordizia Orainenk (2) eta EH Bilduk (7) alde bozkatu zuten. PSE-EEk (1) eta EAJk (5) kontra.