Goierri Rallyesprinta bertan behera geratu da
Gaintzan, Zaldibian eta Lazkaon barrena, larunbat arratsaldean zen jokatzekoa auto lasterketa. Koronabirusaren krisia dela eta, Lazkaoko Udalak bertan behera utzi du. Oin-Arin dantza taldearen biharko emanaldia ere ez da egingo.
Goierri Rallyesprintaren berri emateko prentsaurrekoa atzo iluntzean normaltasun osoan egin bazuten ere, gaur eguerdian Lazkaoko Udalak jakinarazi du ez dela jokatuko. Bertan behera utzi dute, Covid-19 koronabirusaren hedapena gerarazteko agintaritzak hartutako neurrien ondorioz.
Larunbatean 14:00etan zen hastekoa rallysprinta, Gaintzatik Zaldibiara eta Lazkaora bitartean Ikullu Racing taldeak antolatuta. 43 talde zeuden izena emanda, 7. ekitaldia zuenerako. Ehunka lagun joan ohi dira ikustera. Aspanogi elkartearentzat dirua biltzeko helburu solidarioa ere bazuen.
Auto klasikoen erakusketa ere ez da egingo, horrenbestez (larunbat goizean hastekoa zen); ezta ostiral arratsalderako Zaldibian eta Lazkaon antolatutako haurrentzako puzgarriak eta lasterketa-autoen erakusketa ere.
Oraingoz, larunbateko auto lasterketa “atzeratuta” geratu dela argitu du Lazkaoko Udalak. “Data berria geroago zehaztuko da, epidemiaren eboluzioaren arabera”, dio udalaren oharrak. Euskal automobilismo denboraldiko bigarren proba puntuagarria zen Goierri Rallyesprinta.
Lazkaon ekimen batzuk bertan behera, besteak murriztuta
Lazkaon Oin-Arin dantza taldeak bihar 18:30ean egitekoa zuen Iraganaren lorratzak dantza emankizuna ere bertan behera geratu da. Arerian zegoen iragarria.
Bestetik, asteburuko zinema emanaldi komertzialetarakoere neurriak hartu dituzte Arerian: pelikulak emango dituzten arren, aretoaren edukiaren herenera mugatuko dute sarrera (350 leku ditu guztira Areriak), eta pertsonen artean metro bateko “segurtasun tartea” bermatu beharko da.
Eraikin publikoetan, garbiketa zerbitzua “indartuko” du udalak Lazkaon, bestetik.
Bertan behera geratuko dena adinekoen ibilaldien Pausoka irteera da, asteartero egin ohi dutena. Adinekoen soinketa ikastaroak ere utzi egingo dituzte, oraingoz. Edadekoei dagokienez, Orobione jubilatu elkartea itxita egongo da hamabost egunean.
Lazkaoko Udalak, ohar berean, koronabirusa heda ez dadin zabaldu diren gomendioei kasu egiteko eskatu die herritarrei.
- Eskuak sarri garbitu urarekin eta xaboiarekin.
- Eztula edo doministikua egindakoan, besagainarekin edo mukizapi batekin ahoa estali.
- Mukizapiak botatzekoak erabili, eta zakarrontzira bota.
- Arnasa hartzerakoan ezintasuna sumatuz gero, eta arrisku-eremuren batera bidaiatu baldin bada aurrez, etxean geratu eta osasun arduradunei zenbaki honetara hots egin: 900 20 30 50.