Ikastetxe guztiak ixteko erabakia hartu du Jaurlaritzak
Koronabirusaren aurkako neurriak gogortzen ari dira erakundeak. Eusko Jaurlaritzak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastetxe guztiak ixtea erabaki berri du. Hainbat ekitaldi bertan behera utzi dituzte Goierrin ere.
Koronabirusari aurre egiteko neurri gehiago iragarri dituzte. Eusko Jaurlaritzak Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko ikastetxe guztiak ixteko erabakia hartu berri du, EITBk zabaldu duen informazioaren arabera. Ordu baterako iragarki duten agerraldian esango dute itxiera bihartik edo astelehenetik aurrerakoa izango den.
Euskal Herrian 300 kasutik gora atzeman dituzte dagoeneko, eta 9 dira orain arte hildakoak. Foko nagusia Araban badago ere, Bizkaira eta Nafarroara ere zabaltzen ari da. Gipuzkoan, momentuz 9 kasuren berri eman dute erakundeek, eta horietako 2 daude ospitalean.
Ekitaldi ugari bertan behera
Ikastetxeetan ez ezik, beste alor batzuetan ere izango dute eragina koronabirusaren aurkako neurriek. Gaur jakin denez, datozen asteetarako antolatutako hainbat ekitaldi bertan behera utzi dituzte. Larunbatean egitekoak ziren Euskal Herriko Mus Txapelketa atzeratzea erabaki dute antolatzaileek; beste horrenbeste gertatu da Zegamako Erlezain Egunarekin ere; oraingoz ez dute beste datarik jarri. Hilaren 22rako prestatzen ari ziren Segurako Lore eta Landare Azoka bertan behera gelditu da, eta 28rako antolatuta zegoen LegoReggae jaialdia atzeratu edo ez aztertzen ari dira.
Kirol arloan ere, astebururako iragarritako partidarik gehienak bertan behera utzi dituzte. Euskadiko Futbol Federakundeak esan du bere eskumeneko txapelketa guztietako neurketak bertan behera utzi dituela. Saskibaloian, EBA ligako partidak ateak itxita jokatuko dituzte. Eskubaloian ere, lehia guztiak bertan behera gelditu dira. Errugbian, ohorezko mailako partidarik ez da jokatuko; Ampo Ordiziari ez dio eragingo neurriak, asteburu honetan ez baitzuen partidarik.