Birusarentzat, etxeko botika
Ikastetxe guztiak ixteko agindu du jaurlaritzak, eta gaurtik aurrera hamabost egunean ikasleak ez dira eskoletara joango. Kultur, kirol eta aisialdiko ekitaldi gehienak bertan behera geratu dira Goierrin.
Ostirala eta 13 egunak informatika mundua hankaz gora jarri ohi zuen garai batean, birus digital batengatik. Gaur, martxoaren 13a, ostirala, ezohiko neurrien pean izango da Goierri, Covid-19 koronabirusaren ondoriozko salbuespenezko erabakiengatik. Birusaren eragina, oro har oraindik birtualki indartsuagoa den arren, eguneroko jardun arrunta zilipurdikatu du.
Ikastetxe guztiak itxiarazi ditu Eusko Jaurlaritzak, eta ikasleek ezingo dute eskolara joan —irakasleek bai—, aurrez aurreko klaseak debekatu baitituzte. Mondragon Unibertsitateak ere ez du Ordizian klaserik emango. Etenaldiak 15 eguneko iraupena izango du, gaurtik aurrera.
Eskola-jarduera guztiz ez geratzea da asmoa, ordea. Ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eusteko «ahalegina» eskatu du Hezkuntza Sailak. Zenbait eskolatan, debekuaren bezperan ari ziren jada ikasgaiekin jarraitzeko tele-eskolak prestatzen. Haur eskolak ere itxi egingo dituzte, baita asteburuko Eskola Kirol guztia eten ere.
Koronabirusaren izurritearen zabalkundea geratzen saiatzeko ekinbideak erakunde gehiagok ere hartu dituzte, udalek kasu. Herri batzuetan eraikin publikoak itxi dituzte; liburutegi, KZgune, gazte txoko eta bestelakoak. Haietan egitekoak ziren tailer, ikastaro eta jarduerak kendu dituzte. AEK-k jakinarazi du bere euskaltegiak itxiko dituela.
Lantegietan kontrolak
Beste herri batzuetan sarrera murriztuko eta garbiketa indartuko dute. Lazkaoko Arerian, adibidez, zinema emanaldietan aretoaren herena soilik bete ahalko da. Osasun gomendio orokorrak jarraitzeko eskatu dute: eskuak sarri garbitu, eta metro bateko tartea errespetatu.
Goierrin koronabirusak hartutako lehen kasua astelehenean baieztatu zen. Harrezkero, aste mugitua izan da, gutxi-asko, gizartean. Lantegietan, batez ere. Neurri murriztaileak eta tenperatura hartzeko kontrolak ezarri dituzte enpresa handietan. Atzo arratseko datuen arabera, langile bakar bat ere ez dute atzera etxera bidali, sukarragatik. Beste koronabirus kasurik ere ez da jakinarazi eskualdean.
Supermerkatuetan, lehen beharrizaneko zenbait salgai une batzuetan agortzeraino erosi ditu jendeak; komuneko papera, haragia, olioa, arroza eta pastak eta zekaleak, batik bat. Apalak hutsik geratu ziren atzo eta herenegun zenbait saltokitan. Hala eta guztiz, elikagaien eta produktuen hornidura ziurtatuta dagoela esan dute handizkako banatzaileek.
Enirio-Aralar Mankomunitatearen atzoko batzarra, Ordizian, ateak itxita egin zuten —kazetariei utzi zieten sartzen—, baina zazpi puntuko gai ordena bakarrera murriztuta. Errenta aitorpena atzeratu egin du Gipuzkoako foru ogasunak ere, «zerbitzua osasun berme guztiekin ematea posible den arte».
Adinekoengan arreta jarria
Bereziki pertsona edadetuak eta haien komunitateak babesteari eman dio administrazioak indar gehien. Jubilatu elkarteak eta egoteko lokalak itxi egin dituzte, 15 egunerako. Egiten dituzten jarduera eta ekimen guztiak ere ezeztatu dituzte, taldeko ibilaldiak edo erretiratuei zuzendutako ikastaroak, adibidez.
Lazkaoko Txindoki gerontologikoan asteartetik isolatuta daude egoiliarrak: ezin dute kanpora irten, ezta eraikin barruan beste solairu batera aldatu ere. Eta bisitariek ezin dute sartu.
Zumarragako Ospitalean, atzo galdetuta, lanean normaltasunez ari direla nabarmendu dute. Jaurlaritzaren adierazpenetara mugatu da hango zuzendaritza, baina osasun sistema ondo funtzionatzen ari dela argitu dute.
Garraio publikoa normal ibiliko dela aurreratu zuen atzo Gipuzkoako garraio agintaritzak.
Gaindegia ikerketa etxeak, bere aldetik, Covid-19ren epidemia-arriskuaren portzentajea neurtu du, mugikortasunean eta birusaren transmisio-dinamikan oinarrituta. Goierrin, koronabirusa hedatzeko arriskua «txikia» zen atzo, eta hala jarraituko du proiekzioak igandera arte. Hala eta guztiz, foku bat badago, arrisku ertainarekin.