Enpresetan neurriak zorrozten
Langileen sarrera-irteerak kontrolatzen ari dira zenbait lantegitan. Kanporako bidaiak, bilerak eta azokak bertan behera utzi dituzte. CAFen gaur egingo dute batzarra gaiaz
Koronabirusaren aurkako prebentzio neurriek ekonomia arloan ere izango dute eragina. Goierriko hainbat enpresatan dagoeneko neurri zorrotzak hartu dituzte, eta oraindik itxierarik baieztatu ez bada ere, litekeena da datozen egunetan beste neurri batzuk hartu behar izatea. Momentuz, pertsonen sarrerak kontrolatzen ari dira, langileei tenperatura hartuz eta higiene neurriak zorroztuta.
Beasaingo Arri enpresa izan da neurriak hartzen aurrenekoetako bat, bertako langile batek koronabirusa duela baieztatu eta gero. Hala ere, «normaltasunez» lan egiten ari direla azaldu du Jose Mari Flores Arri enpresako gerenteak. Joan den ostiralean, langile bat ondoezik zegoela eta, osasun zentrora joan zen zegozkion mediku azterketak egitera. Astelehenean baieztatu zuten Covid-19 birusagatik positibo eman zuela proba horietan. Langile horrek hamabost egun igaro beharko ditu etxean, segurtasunagatik.
Lehenengo kasu horrez gain, beste bi langile ere gaixo egon zitezkeela hedatu da ondorengo egunetan. Floresek adierazi du «Koronabirusagatik langile bakarra» dagoela etxean, baina argitu du «positibo eman duen langilearekin kontaktu zuzenean egon diren langileei egunean bitan tenpetura hartzen» ari zaizkiela.
Goierrin atzeman den lehen kasuaren aurrean «lasaitasun mezua» zabaldu nahi izan du Floresek. «Beharrezko neurriak» hartu dituztelako. Osasun Publikoak eman dituen gomendioak kontutan hartu dituztela azaldu du: «Koronabirusaren sintomak kontrolatzen ari gara, eta garbitasun neurri bereziak hartu ditugu». Orain, enpresaren helburua «gainontzeko langileen osasuna ziurtatzea» dela azpimarratu du.
Sarrerak kontrolatuta
Momentuz ez da eskualdean beste koronabirus kasurik atzeman, baina erakundeen gomendioak jarraituz, segurtasun neurriak eta protokoloak jarri dituzte martxan beste hainbat lantegitan. Beasaingo Indar da horietako bat. Enpresatik azaldu dutenez, Goierriko lehen koronabirus kasua agertu aurretik hasi ziren neurriak hartzen.
Asteazkenean, langileen sarrera kontrolatzeko neurriak hartzen hasi ziren. Indarrera sartu aurretik, guardaren etxetolatik pasa behar dute. Bertan, eskuak garbitu eta gorputzeko tenperatura hartzen diete. «Hartutako tenperatura 37,5 gradukoa edo altuagoa bada, langileak etxera itzuli beharkop du». Horrez gain, enpresak informazio bat emango die langile guztiei, Osakidetzak kasu horietarako jarritako telefonoarekin. Enpresak «lankide guztion osasunerako» neurri horiek betetzeko deia egin dio lantaldeari.
Orkli enpresa ere gaia baloratzen ari da, nahiz eta egunkari hau egin bitartean, hartutako neurrien inguruko informaziorik ezin izan duten luzatu.
Hine lantokian ere hasiak dira prebentzio neurriak hartzen. Kanpo bidaiak bertan behera utzi dituzte. Langileei beraien lanpostuan edo gunean egoteko eskatu diete, eta beharrezkoa ez bada behintzat, beste sektoreetara ez mugitzeko. Langile batetik bestera metro bateko distantzia mantentzeko eskatu dute. Etxetik ordenagailu eramangarriarekin lan egiteko aukera dutenei, «balizko itxiera kasu baten aurrean» etxetik aritzeko modua duten ziurtatzeko eskatu diete. Ampon ere, aukera duten guztiei etxetik lan egiteko eskatu diete langileei.
Irteerak mugatuta
Eguneko lan ohituretan izan beharreko aldaketez gain, enpresetako langile eta ordezkariek kanpora egin beharreko bidaietan ere izango du eragina koronabirusak. Hala, momentuz nazioarteko industria eta ekonomia arloko azoketara bisitarik ez egitea erabaki dute enpresa hauetako batzuk. Kanpoko enpresekin egin beharreko bilerak eta negozio bidaiak ere mugatzen ari dira.
Eskualdeko beste enpresa garrantzitsu batzuetan, CAFen edo Orklin, adibidez, datozen egunetan egingo dituzte bilerak, zein neurri hartu behar dituzten erabakitzeko.