Oroimen bulegoa irekiko dute Zegaman frankismo garaiko datuak biltzeko
Martxoaren 27an, eta apirilaren 13an, 17an eta 24an egongo da zabalik, 10:00etatik 13:00era eta 15:00etatik 18:00etara. Aranzadi Elkarteko kide den Karlos Almorza dabil ikerketa lanetan
Oroimen bulegoa irekiko dute Zegaman. 1936 eta 1945 bitartean errepresaliak jasan zituzten senide edo pertsonen inguruko informazioa eskatu ahal izango da bertan, eta informazioa emateko ere balioko du. Aranzadi Elkarteko kideak izango dira bertan azalpenak ematen. Zegamako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenaren arabera, proiektuaren lehen fasean «3.000 dokumentu baino gehiago» aurkitu dituzte udal artxiboan gaiari buruz.
Memoria osatzeko norbanakoen testigantzak eta dokumentuak biltzearen garrantzia azpimarratu du udalak. Udaletxean egongo da bulegoa, eta lau egunetan zabalduko dute oraingoz: martxoaren 27an, eta apirilaren 13an, 17an, eta 24an. 10:00etatik 13:00era bitartean egongo da goizez, eta arratsaldetan 15:00etatik 18:00ak arte. Bertara joaterik ez bada, 943466142 zenbakira deitu daiteke, edo memoria@aranzadi.eus helbidera mezu bat idatz daiteke.
Irailaz geroztik Aranzadiko aditu bat ikerketa bat egiten aritu da, Zegaman frankismo garaian jazotakoaren berri izate aldera. Karlos Almorza Aranzadiko kidea da ikerketaren gidaria. Historian doktorea da andoaindarra. Zegama eta ingurukoei dei egin die udalak daukaten informazioa elkarbanatu dezaten Zegamako memoria biltzeko.
Eroetxeetako emakumeak
Honen harira, frankismo garaian oinarritutako hitzaldia izango da datorren astean Zegaman bertan ere. Hurrengo asteartean, martxoaren 17an, Frankismo garaiko hutsuneetan arakatuz: eroetxetan sartutako emakumeen istorioak izeneko hitzaldia egingo du Itxaso Martin antropologoak kultur etxean. 18:30ean hasiko da.
Olaberriko udaletxean ere ireki dute oroimen bulegoa. Martxoan astelehenero egongo da zabalik, Zegamakoaren ordu berean. Olaberriko ikerketa egiten dabilena Javier Buces Aranzadi Elkarteko kidea da. Eragileek eta erakundeek herritarrei dei egin diete 1936-1945 bitartean gertatutakoaren berri eman dezaten.