Goierriko kirol proba nagusien oharrak
Ehunmilak proiektuko antolakuntza batzordeak jakinarazi du, egun bizi dugun pandemiaren bilakaera ikusita, uztailean ospatzen den kirol probaren azterketa sakona egiten ari direla. Maiatzaren bukaeran jakingo da Ehunmilak egingo den ala ez. Antolatzaileen esanetan, agintarien gomendio guztiak jasoz hartuko da erabaki hau. Lasterkarien, boluntarioen eta zaleen segurtasuna bermatzea da garrantzitsuena.
Zegama-Aizkorri lasterketako antolatzaileek berriz, lasaitasuna eta ardura eskatzen dute. Ezinbestean, Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiar Gobernuaren aholku guztiak jarraituko dituzte. Mendi maratoiko antolakuntzak azpimarratu du jendartean pentsatzeko garai dela, indibidualki pentsatzeari utziz. XIX. edizioaren inguruan aurrerantzean hartuko dituzten neurri eta erabaki guztiak Zegama-Aizkorri mendi maratoiko bide ofizialetatik egingo dute: webgunea eta sare sozialak.