CAFek etxetik egin ezin diren jarduera guztiak eten ditu
Hiru egunez lantokiko jarduera guztiak etengo ditu Beasaingo CAF enpresak. Telelan bidez egin daitezkeenekin bakarrik jarraituko dute. Irizarrek ere Ormaiztegiko lantegia itxiko du.
Beasaingo CAF lantokiak telelan bidez egin ezin daitezkeen jarduera guztiak etetea erabaki du. Momentuz gaurtik asteazkenera arteko neurria da, eta ikusteko dago asteazkenetik aurrera zer egingo duten. Koronabirusaren aurkako prebentzio neurri moduan hartu du erabakia enpresako zuzendaritzak, “ezin duelako CAFeko langileen osasuna” bermatu.
Sindikatuek jakinarazi dutenez, hiru egun horietan galdutako lanorduak 2020an zehar errekuperatu beharko dituzte langileek. Gainera, enpresak martxoaren 22tik aurrera halabeharrezko ERTE bat ezartzea aurreikusten duela azaldu dute.
Aurreko egunetan ere zenbait neurri hartu ditu CAFek, koronabirusaren hedapena ekiditeko. Atzerrian dituen langile guztiei, esaterako, etxera itzultzeko eskatu die.
Irizar, itxita
Bestalde, Irizar autobus konpainiak Ormaiztegin duen lantegia erabat ixtea erabaki du. Gaurtik aurrera eta beste abisurik izan artean, bertako langileei lanera ez joateko esan diete.