Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak atzeratzea erabaki dute alderdiek
EAJ, EH Bildu, EP, PSE, PP eta Equoko ordezkariekin bildu da gaur Urkullu lehendakaria, eta bozak atzeratzea erabaki dute, koronabirusa dela eta, nahikoa baldintzarik ez dagoelako.
Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria EAJ, EH Bildu, EP, PSE, PP eta Equoko ordezkariekin bildu da gaur, eta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak atzeratzea erabaki dute. Apirilaren 5earako deitu zituen lehendakariak, baina koronabirusak eragindako alarma egoera dela eta, atzerapenaren alde agertu dira guztiak, botoa emateko baldintzarik ez dagoela iritzita. Data berririk ez dute finkatu, Espainiak ezarritako alarma egoera eta Eusko Jaurlaritzaren osasun alerta pasa bitartean, ezingo baitira egin.
Hauteskunde araudian ez dago zehaztuta horrelako egoerarik, eta horrenbestez, lege hutsunea dagoela ondorioztatu dute. Bozak atzeratzekotan, zein formula erabili aztertu dute. Goizeko bileran, Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea (EAJ), Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi (EH Bildu), Miren Gorrotxategi (EP Elkarrekin Podemos), Idoia Mendia (PSE-EE), Amaia Fernandez (PP) eta Jose Ramon Becerra eta Edurne Baranda (Equo) elkartu dira.
Urkulluk joan den otsailaren 10ean iragarri zuen bozak aurreratuko zituela, adieraziz erabaki horrek mesede egingo ziola «euskal gizarteari». Datorren ostegunean zen kanpaina hastekoa.