Lapurretak izan dira Ordiziako kiroldegian eta Ormaiztegiko okindegi batean
Egunotan bada alarma egoera aprobetxatuta lapurretak egiten ari denik ere. Ordiziako Majori kiroldegian eta Ormaiztegiko okindegi batean sartu dira lapurrak bart.
Bart gauean gutxienez bi lapurreta egin dituzte Goierrin, bata Ordizian, eta bestea Ormaiztegin. Batetik, Ordiziako Majori kiroldegian sartu dira, sarrerako atea puskatuta. Edari eta janari makinak ere kaltetu dituzte. Udalak eta Majoriko zuzendaritzak baieztatu dute kalte ugari izan direla, eta Ertzaintza gertatutakoa ikertzen ari dela azaldu dute.
Ormaiztegin ere bai
Ormaiztegiko Pagosa okindegian ere bart gauean sartu dira lapurrak, goizaldeko 03:00ak eta 03:30ak artean. Dendaren jabeek azaldu dutenez, “kristala puskatuta” sartu dira, eta “kutxan zegoen dirua” ez ezik, kutxaren beraren kaxoia ere eraman dute. Diru kopuru handirik ez bazegoen ere, endredo handia sortu diete, koronabirusak eragindako egoera dela medio, dena geldirik baitago. “Kristala jartzera momentuz ezin direla etorri esan digute”. Kutxa aldatzeko eta aseguru etxearekin tramiteak egiteko ere, zaildu egin zaie egoera, eta “dena luzatu” egingo zaiela uste dute.