Lurraldebusek erdira murriztuko du garraio zerbitzua
Gaurtik aurrera, %40-60 artean jaitsiko da autobus kopurua. Ospitaleetarako zerbitzuak %100ean mantenduko direla agindu du aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi duenez, Lurraldebusek %40 eta %60 artean murriztuko du garraio zerbitzua. Covid 19 birusa hedatzearen aurka hartutako neurria da, eta gaurtik aurrera izango da martxan. Murrizketa hori, operadoreek ibilbide bakoitzean neurtutako eskariaren arabera egingo da. Hala ere, Eider Mendoza foru bozeramaileak agindu du “ospitaleetarako zerbitzuak %100ean” mantenduko direla.
Murrizketak gaur goizetik aurrera aplikatuko dituzte. Izan diren aldaketak eta behin behineko ordutegiak Lurraldebusen webgunean aurki daitezke. Autobus kopurua murrizteaz gain, bestelako neurriak ere hartu dituzte; izan ere, eguneroko garbiketa eta desfinfekzioa areagotzen ari dira Lurraldebuseko autobus eta instalazioetan. Informazio kanpaina ere egiten ari dira, Koronabirusaren aurka hartu beharreko neurriak azalduz.