Osinalde eta aurreko bertso sariketak atzeratu dituzte
Martxoaren bukaeran zen jokatzekoa lehenengo saioa, Aztirian. Finala, apirilaren 25ean. 1971n hasi ziren bertsolari gazteen urteroko hitzordua antolatzen, eta hurrengo urtean izan ezik, beste guztietan egin da.
Koronabirus izurritearen euste-neurriek beste ekitaldi historiko bati ere erasan diote: Osinalde bertsolari gazteen sariketari. Ez da jokatuko, ez Gabirian apirilaren 25ean egitekoa den finala, eta ez horren aurretik Goierrin jokatzekoak ziren hiru kanporaketa saio ere. Oraingoz, ez dute erabaki atzeratuko duten ala aurtengoa egin gabe geratuko den.
Martxoaren 28an izatekoa Aztirian Aztiri-Bat Saria, eta Ordiziako Argi-Berri Saria apirilaren 4an, eta Zaldibiako Osinberde apirilaren 17an (lehengo astean 18tik bezperara mugitu zuten) jokatuko ziratekeen ondoren.
Osinalde sariaren lehen aldia 1971n izan zen. 1972an ez zuten antolatu, baina harrezkero urterik huts egin gabe eskaini die bertsolari gazteei plaza.