«Zailtasun egoeretan ere gure zuhurtasuna gurekin dago»
Koronabirusak inoiz bizi izan ez dugun egoera baten aurrean jarri gaitu, eta horrek eragin dituen kezkei eta beldurrei erantzuteko hainbat gomendio eman ditu Ginek.
Koronabirusa, pandemia, alarma egoera, itxialdiak… Inoiz bizi izan ez dugun egoera baten aurrean gaude.
Egia esan, gizartean eta bizitzan oso gutxitan ematen diren egoerak dira. Honek urduritasuna, ziurtasun eza, beldurra… eragiten digu. Aldi berean, historian zehar horrelako egoerak eman izan dira, eta gerta ahal den egoera bezala ere hartu behar dugu.
Gaixotasunari beldurrari diote askok; nola egin diezaiokete aurre?
Bai gaixotasunari beldurra askok diote eta azken asteetan beldurra transmititzen ari zaigu, hilkorrak garela behin eta berriz errepikatzen dabiltza. Une honetan biak elkartu zaizkigu eta honek beldurra areagotu du eta emozio desatseginak eta une batzuetan kontrolatzeko zailak eragin dizkigu. Aldi berean, gripeak baino hilkortasun txikiagoa duen birusa dela pentsatu behar dugu eta Osasun Sailetik eman dizkiguten gomendioak aintzat hartzen baditugu, kutsatzea zaila izango zaigula.
Psikosia zabaldu da, dendak husten ari dira… Zergatik? Zer egin behar da horretan ez erortzeko?
Beldurrak aurre hartzen digunaren ondorioa da hori guztia. Benetako eta uneko beharrak zeintzuk diren ahaztu egiten zaizkigu eta ‘badaezpadakoak’ erosten hasten gara, hau da, erostea pentsatuta ez genuen hori guztia. Horregatik gertatu dira denda eta supermerkatuetan gertatu direnak. Gainera, jokaera hauek transmititu egiten dira, eta kontrola galtzen dugula esan badugu, oso erraza egingo zaigu ondokoak erosketa gurdia beteta daramala ikustean, guk ere betetzea.
Etxean geratzeko agindua eman digute. Zein talanterekin hartu behar dugu itxialdi hori?
Guztiok batera ematen dizkiguten aholkuak betetzen baditugu, gizartearen osasunaren alde egiten ari garela pentsatu behar dugu. Ez dugu ahaztu behar behin-behineko zerbait izango dela. Alarma egoera pasatzen denean, tarteko neurriak hartzen joango dira eta egoera lasaitzen joango da. Umorea erabiltzea ezinbesteko dugu, egoera hobe eraman nahi badugu.
Etxean ez itotzeko gomendioren bat?
Lehena eta garrantzitsuena gain informazioa saihestea da. Notiziak bere neurrian irakurri behar ditugu. Sare sozialetan banatzen diren bideo eta audioek diotena ez da sinistu behar, eta web orri ofizialak erabili informatzeko.
Bestela, etxean gaudela errutina bat eramatea da onena, edo urtean zehar egin gabe uzten ditugun gustoko gauzak egitea, goxo elikatzeko aprobetxatzea aldi berean sistema inmunitarioa zainduz, ahal den neurrian gorputza mugitzea…
Haurrekin nola jokatu behar dugu? Zer esan behar diegu?
Beren adin eta heldutasunera egokitutako informazioa eman behar diegu, baina hori bai, egia esan behar zaie. Egiten dizkiguten galderei erantzuna eman behar diegu, baina beldurra sartu gabe. Ez dugu ahaztu behar gu lasai bagaude, errazagoa izango dela beraiek ere lasai egotea.
Edadetuak ere beldurrez daude, gaixotasuna harrapatzeko arrisku handia dutelako. Horientzako aholkuren bat?
Edadetuek gaixotzean konplikazioetarako arrisku handiagoa dute, beraz, Osasun Sailaren aholkuak betetzea ezinbestekoa dute: behar-beharrezkoa bada soilik etxetik atera, eskuak maiz eta ondo garbitu, eskuekin aurpegia ez ukitu, jendearekin egotea tokatzen bazaie metro eta erdiko distantzia mantendu…
Orokorrean, zer esango zenioke jendeari lasaitzeko?
Pasako den egoera bat dela eta egoera zein den ikusita, pasa eta bizi beharrekoa dela. Bide ofizialetatik eman dizkiguten gomendioak betetzeko ere esan behar da. Horrela, egoera hau ez da denboran gehiago luzatuko.
Etxean daudenei gustuko gauzak egiteko aprobetxatzeko esango nieke, eta lanera joan behar direnei, eman dizkiguten aholkuak betetzeko.
Eta guztiei, gaixotasun sintomarik balute, Osakidetzak emandako telefonora deitzeko eta aholkuak betetzeko.
Beste aholkurik?
Momentu hau egokia da gure inguruan konfiantza, lasaitasuna eta gupida sustatzeko. Aldi berean, kontuan izan behar dugu hankak ditugun lekuan bertan dela bizitza erreala gertatzen den gunea, eta oraina zein den garbi eduki behar dugu. Zailtasun egoeretan ere gure jakinduria edo zuhurtasuna gurekin dago eta oso garrantzitsua da horrekin ere kontaktua hartzea. Ez dakigu zer etorriko zaigun egoera hau pasa eta gero, baina konfiantza izan behar dugu datorrena etorrita ere, horri aurre egingo diogula, eta onartu egin beharko dugula datorkigun egoera berri hori. Eta garrantzitsua da norberak bere gertukoa zaintzea.