Eskolen aldi baterako etetea "beste abisu bat eman arte" luzatu du Jaurlaritzak
Ikastetxeen lankidetza eskertu eta osasun agintarien gomendioak zorrotz betetzeko eskatu du Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak, "jardueraren normaltasunari ahalik eta lasterren" berrekin ahal izateko
Koronabirusaren hedapena saiesteko neurri moduan, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe guztiak itxita daude, Goierriko gehienak, joan den ostiraletik. Itxiera hori hamalau egunerako planteatu zuten hasiera batean, baina gaur Cristina Uriarte Hezkuntza Sailburuak ikastetxeei bidali dien gutunaren arabera, “eskolen aldi baterako etetea beste abisu bat eman arte” luzatuko da.
Orain arte ikastetxeei zehaztutako “gidalerroek indarrean” jarraituko dutela zehaztu du sailburuak, bai irakaskuntza-jardueraren garapenari dagokionean eta baita ikasleei arreta emateari eta familiekiko komunikazioari dagokionean ere.
Osasun agintarien gomendioak zorrotz bete behar direla gogorarazi die ikastetxeei, “jardueraren normaltasunari ahalik eta lasterren” berrekin ahal izateko. Ikastetxeen “ulermena eta lankidetza” eskertu du Uriartek, “konpromiso kolektiboa” eskatzen duen egoera honen aurrean.