Etsipenaren eta arduraren artean
Legazpiko kaleen erretratua gainerako herrienak bezalakoa da. Lasaitasuna da nagusi. Santikutz egoitzak osasun materiala eskatu die inguruko enpresei
Goizeko erosketa ordu puntetan izan ezik, Legazpik itxura fantasmagorikoa du. Ikastetxeak, haur parkeak, denda gehienak, tabernak eta udal zerbitzuak itxita daude; garraio publikoa murriztuta; bidegorria eta Brinkolarako bidea paseatzailerik gabe; herriko kale eta auzoak hutsik; eta herritarrak, salbuespenezko kasuetan izan ezik, etxean. Horixe da herri honetako panorama, beste herrietakoa bezalakoa. Koronabirusak goitik behera aldatu du legazpiarren bizitza.
Atzo, konfinamenduaren bigarren lan eguna zen, eta egoera zerbait lasaitu dela nabaria zen. Denden aurrean ez zegoen aurreko egunean bezain beste jende, eta herritarrak lasaiago zebiltzan erosketak egiteko orduan.
Dendariak eta erosleak
Zabalik dauden denden artean Arantxa Irastortzaren Arantxa okindegia dago, eta inpresio hori bera du: «Lehenengo egunetan jendeak bi egunerako erosten zuen ogia, atzo jendea ere ibili zen, eta gaur jende gutxiago etorri da, baina erosketa gehiago egiten ari da». Kafetegia ere badu lokalean, baina ez du kaferik ematen, ogia eta bestelako produktuak bakarrik saltzen ditu. Bezeroen aldetik «kezka eta urduritasuna» nabaritu dituela dio. Bezeroak banaka sartzen dira, eta berak eskularruak jantzita egiten die arreta. Irastortzak berak ere badu kezka bat, honek izango duen eragin ekonomikoa: «Hasi besterik ez da egin, baina nabaritzen da jaitsi egingo dela negozioa».
Elikaduraren alorrean, banaketan, lan egiten duen Javier Perez de Arenazak nabaritu ditu dagoeneko ondorio ekonomikoak. Bezero gehienak ostalari- tzakoak dituenez, bere negozioa % 80 murriztu zaiola dio. Gainera, saltzen dituen hainbat produkturen iraungipenaren arazoari ere aurre egin behar dio. Baina lana badute, biltegian batez ere, «atzera geratutako gauzak egiten ari gara». Baikor dago, hala ere, «hau dena igaroko da».
Apatxo liburu denda ere zabalik dago, prentsa eta ogia saltzeko. Mailo Pinillos da jabeetako bat, eta honek ere jarrera positiboa izan behar dela defendatzen du. «Jendeak beldur handia du, baina berehala ikasi du eta hartu beharreko neurriak errespetatzen ditu, distantziak mantentzea edo txartelarekin ordaintzea adibidez; oso arduratsuak dira denak». Etxean denbora nola pasa ere herritar askorentzat kezka dela eta, «haurrentzako tenperak, margotzeko koadernoak, letra zopak, aldizkariak eta liburuak» ohi baino gehiago saltzen dituztela dio.
Loli Arrieta, erosketak egitera atera den herritarra da, eta Pinillosek bezala, herritarren ardura nabarmendu du: «Oso jende gutxi dabil kalean, eta dendetan gomendatutako neurriak hartzen direla ikusi dut». Bestalde, etxean ondo moldatzen dela dio, eta bere ohiko paseo luzeak bizikleta estatikoarekin ordezkatu dituela esan du, «egoera hau gu guztiok etxean geratuta konpontzen bada, gaitzerdi!».
Udala, herritarrekin
Udalak egoera honen aurrean koordinazio mahai bat eratu duela azaldu du Koldobike Olabide alkateak, eta lehen erabakia «udaleko langileen lana herritarrek dituzten beharretara bideratzea» izan dela azaldu du. Adinduak dira kezka gehien eragiten dietenak, eta horregatik «80 urtetik gorako ia legazpiar guztiekin hitz egin dugu, baina euren beharrak asetuta dituztela ikusi dugu». Hala ere, horiei bideratutako boluntario programa bat martxan jarri dutela azaldu du, «erosketak egiteko, edo farmaziatik botikak hartzeko». Herritarrentzako arreta zerbitzua luzatzea ere erabaki dute, eta 010 telefonora 19:00ak arte deitu daiteke. Igogailuen edukiera ere mugatu dute eta kultur etxekoan aldiko bi lagun sartu ahal dira, eta besteetan bakarra.
Alkateak etxeko ordu luzeei aurre egiteko gomendioak ere eman ditu, eta udal liburutegian e-mailegua egitea proposatu du (943 73 71 86) edo udalaren webgunean Burdinola elkartearen argitalpenak irakurtzea, herriko historia ezagutzeko helburuz.
Egoitzaren eskaera
Santikutz Egoitzan prebentzio neurri zorrotzak hartu dituzte koronabirusa bertako egoiliarrengana iritsi ez dadin. Ez dute bisitarik onartzen, hornitzailek ere ez dira barrura sartzen eta egoiliarrak ezin dira atera. Langileak gaixotasunari aurre egiteko prestatuta daude, baina materiala falta zaie. Hori dela eta, eskaera berezia egin diete herrian eta inguruan produktu korrosiboekin lan egiten duten enpresei: mahuka luzeko mantalak, betaurreko estankoak, eskularru luzeak eta FFP2 eta FFP3 motako maskarak behar dituzte.