Mugimenduaren garrantzia
Etxean egonda ere, gorputza mugimenduan jarri behar da. Andu Martinez de Rituertok sare sozialetan egiten ditu zuzeneko saioak, herritarrak ariketa fisikoa egitera gonbidatuz
Koronabirusak eragindako garai berri honetan, herritarrak irudimen handia erakusten ari dira, Internetak eta sare sozialek lagunduta. Andu Martinez de Rituerto lazkaotarraren kasua da hori. Gorputz Hezkuntzan lizentziaduna da eta 28 urtean irakaskuntzan dabil. 18:00ak alde horretan, hitzordua du Facebook eta Instagram sare sozialetan, jarraitzaileekin batera ariketa fisikoa egiteko. Jarraitzaile berri ugari lortzen ari da eta 400 lagun baino gehiagok jarraitzen ditu bere eskola partikularrak.
Izan ere, Martinez de Rituertorentzat oso garrantzitsua da gorputza mugitzea. «Orain, are eta gehiago. Ohiko bizitzan mugitu egiten gara, nahiz eta kirolariak ez izan: erosketak egitera joaten gara, eskailerak gora eta behera…. Gutxi bada ere, mugitu egiten gara. Momentu honetan, ordu asko pasatzen ditugu eserita eta etzanda. Are eta garrantzitsuagoa da tartetxo bat hartu eta ariketa pixka bat egitea».
Igande goizean, gosaltzen ari zela gogoratu zen duela 8 urte egindako unitate didaktiko integralaz eta bertan zeuden bideoez. Hainbat gomendio emanez, bere sare sozialetako kontuetan zabaldu zituen bideo batzuk. Hala ere, seme-alaben gomendioz eta laguntzaz, zuzeneko saioa egitea erabaki zuen. «Pentsatu nuen, zuzenean saioa eginda motibagarriagoa izan daitekeela».
Pentsatu eta egin. Igandean bertan, 12:00etan, egin zuten lehenengo zuzeneko saioa, eta orain egunero, sare sozialetan iragartzen du ordu zehatza 17:30ak edo 18:00ak aldean ikus daiteke Andu etxeko egongelan ariketa fisikoa eginez herritarrak gonbidatuz.
Adinekoentzat aholkuak
Adinekoentzat ere eman ditu hainbat gomendio lazkaotarrak. «Denak ezin poltsa berean sartu, baina gaitasuna dutenei, gomendatuko nieke, eskailerak igo eta jaistea; oso ariketa ona da. Eta mugitzeko: hankak altxatu pixka bat eta eskuarekin belaunak ukitu, eskuarekin sorbalda ukitu… Pasilloan ibili atzera eta aurrera ibili…».
Eta beste bi aukera gehiago ere bai: telebistaren aurrean adibidez, oinez toki berean ibilitzea, tarteka belauna altxatuz, eta bizikleta estatikoa daukatenek bertan ibiltzea.