Ordiziako azoka ere, aparteko egoeran
Ordiziako azoka egin egin dute gaur, baina aparteko neurriekin. Bederatzi saltzaile bakarrik egon dira, erabat itxitako gunean. Baserritarrak gustura agertu dira, eta udalari eskertu egin diote feria antolatzeko egindako ahalegina.
Koronabirusak eta haren aurkako neurriek eragina izan dute Ordiziako azokan ere. Ohiko azokarik ezin izan da egin, baina baserritarrei eta bertako produktuen ekoizleei tokia egin nahi izan diete. Erabat itxitako plazan, eta markatutako sarbide eta distantziekin egin dute azkenean feria. Segurtasun neurri guztiak bete nahi izan dituzte, erosleak banaka sarraraziz eta uneoro metro eta erdiko segurtasun distantziak mantenduz.
Asteroko azokan plazan egoten diren bertako baserritarretatik bederatzik bakarrik jarri dute postua. Gehienek eskertu egin dute Ordiziako Udalaren ahalegina. “Meritua du udaletxeak feriari eusteagatik” dio saltzaileetako batek. Besteak berriz, “ondo antolatuta” dagoela eta “udaletxeak nahikoa egin” duela azaldu du, “beste herri askotan ez dute horrelakorik egin”. Jendea tantaka baina sartu da plazara erosketak egitera, eta saltzaile gutxiago izanda, salmentekin ere gustura zeuden postua jarri duten nekazariak.