CAFeko langileek eta zuzendaritzak aurreakordioa adostu dute aplikatu beharreko neurrien gainean
Enpresa batzordeak eta zuzendaritzak adostutako testuaren arabera, krisialdi honek "ez du lanpostu galerarik ekarriko" CAFen, eta bertako langileek "ez dute inolako diru galerarik" izango
Hainbat bilera egin eta gero, CAFeko Enpresa Batzordeak eta zuzendaritzak aurreakordioa onartu dute, koronabirusagatik hartutako neurrien eta hauek langileengan izango dituzten eraginen gainean. Adostutako testuaren arabera, krisialdi honek “ez du lanpostu galerarik ekarriko” CAFen, eta bertako langileek “ez dute inolako diru galerarik” izango. Sindikatuen arabera, “langileon osasuna bermatzea” da lehentasuna.
Egoera “zaila” dela eta “akordietara iristeko baldintzak” ez direla errazenak izan azaldu dute, baina “langileok normaltasunera bueltatzeko esfortzu handia” egin dutela gogorarazi dute. Astelehenean egin zion Enpresa Batzordeak eskoizpena eteteko eskaera zuzendaritzari, “CAFek Covid 19aren aurrean bere langileak babesteko erakutsi duen gaitasun falta” ikusita. Langileek Beasaingo hainbat lanpostutan planto egin zuten, eta “arrisku egoeraren aurrean iniziatiba” hartu dutenak langileak izan direla azpimarratu dute. Zuzendaritzak egun berean jakinarazi zien martxoaren 23tik aurrera ERTE bat aplikatuko zuela. Hainbat bilera egin zituzten akordiorik lortu gabe, baina gaur eguerdian egindako saioan iritsi dira adostasunera.
Hala, martxoaren 16tik 18ra galdutako lan orduak “ordaindutako lizentzia moduan” ematea adostu dute, eta nahi duen langileak errekuperatu ahal izango ditu, soldata osagarrituarekin. Martxoaren 23tik apirilaren 8ra arte galdutako orduak errekuperatu egingo dira. Oporretan ez da aldaketarik izango ordu horiek osatzeko.
Beste neurri batzuk ere aurreikusten ditu akordioak. Lan poltsatik 100 lankide ebentual berreskuratuko dira. Gainera, administrazio kontseiluko eta komite exekutiboko kideek euren soldata %5 jaitsiko dute.
ELAk ez du bat egin
CAF lantokiko ELA sindikatuak azaldu duenez, zuzendaritzak LAB, CCOO, ESK eta UGT sindikatuekin adostu du aurreakordioa, baina beraiek ez dute bat egin testu horrekin. ELAkoen arabera, “atzo gauera arte enpresa batzordeak %50eko errekuperazioa adostua” zuen, baina zuzendaritzak ezezkoa eman zien. Gaur sindikatu batzuk beste proposamen batekin joan direla diote, “%100eko errekuperazioa edo ERTEa” beharko zuela planteatuz. “Guk %65era arte zeditu dugu, ez gaudelako ados zama guztia langileen gain uztearekin”. Gainontzeko sindikatuek, ordea, ez dute bat egin eskaera horrekin. Hori dela eta, ELAk argi utzi nahi izan du langileen osasuna lehenesten badute ere, aurreakordioan zehaztu denarekin ez datozela bat.