Aizalekuko tontorra komuneko paperez zikindu dute
Ikusmira desatsegin batekin topo egin zuten Aztiria auzoko auzotarrek herenegun arratsaldean. Aizaleku mendiaren gailurra, Legazpiren eta Gabiriaren mugan, norbaitek nahita zikinduta agertu zen. Komuneko papera nonahi botata, bazter guztietara haizeak zabalduta eta tontorreko elementu batzuk ere zikinduta utzi dituzte.
Aztiriko bizilagun bat ganaduari begiratzera mendira igo zenean ohartu zen narraskeriaz, asteazken arratsaldean. Aizalekuko gurutzea komuneko paperez bilduta zegoen, mendizaleen postontzian paper-rollo bat sartuta, ogitarteko eta zizka-mizka hondarrak ondoan botata, paper zatiak inguruko belardietan eta zuhaitzetan katigatuta… Guztiz narrastuta ageri zen.
Asteazkenean zikindua
Auzotarren iritziz, asteazkenean bertan egina zatekeen zikinkeria, papera lehor zegoelako arratsaldean artean. Igande eguerdian ikusi zuten tokia azkeneko aldiz, eta orduan garbi zegoen.
Haserretuta eta amorratuta salatu dute aztiriarrek gertaera. Gailur kutuna dute Aizaleku ekaineko lehen igandean erromeria egiten dute, azken urteotan, eta norbaitek hala utzi izana ez zaie batere gustatu.
Bestetik, koronabirusaren krisialdi honetan ikurretako bat bihurtu den komuneko papera modu horretan erabili izana ere isekatzat hartu dute.