Bertso saioa etxeko oholtzan
Aitor Sarriegi, Julio Soto, Aitor Mendiluze eta Jone Uria bertsotan ariko dira etxetik gaur, 19:00etan. 'meet.jit.si' plataforman egingo dute; ez erortzea izango da gakoa
Irudimena eta sormena piztea besterik ez da geratzen etxean pasa behar diren orduak eramangarriagoak izan daitezen. Konfinamendua arintzeko, interneta eta sare sozialak lagungarri izaten ari dira egunotan. Interneta duten bertsozaleek zuzeneko bertso saio bat ikusteko aukera izango dute, etxetik mugitu gabe, gaur 19:00etan.
Aitor Sarriegik, Julio Sotok, Aitor Mendiluzek eta Jone Uriak bertso saioa eskainiko dute internet bidez, eta Unai Elizasu izango da gai jartzailea. Azken hori izan da ideiaren bultzatzailea: «Unai Elizasuk komentatu zidan eta azkenean animatu gara», azaldu du Aitor Sarriegi Beasaingo bertsolariak.
Erortzen bada, zintzilikatu
Meet.jit.is plataforma librea erabiliko dute etxetik etxera online bertso saioa emateko. Plataformak ikusle eta datu guztien pisuari eustea izango da gakoa saioa ondo atera dadin.
«Plataformako kudeatzaileek azaldu digute arazoak izan ditzakegula 100 erabiltzailetik aurrera», adierazi du beasaindarrak. Halere, aurreikusitakoa gertatzen bada ere, irtenbide bat badutela eman du jakitera: «Erortzen bada, bertsolarion artean grabatuko dugu eta zintzilikatuko dugu».
Streaming bidezko komunikazioa erabili ohi da horrelakoetan, baina bertso saiorako beste formatu bat aukeratu dute: «Foro bat da, eta, beraz, erabiltzaileei kamara eta mikroa desaktibatuko diegu hasieratik». Saioak izan ditzakeen arazo tekniko posibleak saihesteko, kamara eta mikrofonoa itzalita izan behar ditu bertsolariak bertsotan ikusi eta entzun nahi dituenak: «Hala mantentzea espero dugu, datu-jarioa handi samarra izango delako». Gertatu litekeena kontuan hartuta, «froga txiki bat» egin dutela jakinarazi du Sarriegik.
Pantailaren atzean
Etxetik etxera egindako lehenengo bertso saioa izango da Sarriegirentzat. Baina izan du antzeko esperientziarik: «Bilboko Alhondegian izan zen; ez dut gogoratzen zergatik, baina bertso saio bat egin zen eta ni isolatuta egon nintzen streaming bidez», azaldu du. Bestalde, Ordizian izan zen 2007ko Goierriko herri arteko txapelketaren finala ere gogoan du: «Segurako taldeko bat Brasilen zegoen eta Ordizian jarritako puntuak erantzun eta proiektatu genituen».