Goierriko osasun zentroek "kontingentzia-plana" jarriko dute martxan gaurtik aurrera
Zumarragako Ospitaleko larrialdi zerbitzuak atal ezberdinetan banatuko dituzte. Beasain, Ordizia, Lazkao, Legazpi eta Zumarragako osasun zentroak eta Idiazabalgo kontsultategia irekita mantenduko dituzte; gainontzeko zentroak berriz, itxita egongo dira.
Koronabirusaren pandemia dela eta, Goierri-Urola Garaiko ESIak “kontingentzia-plan espezifiko bat berehela zababaltzeko beharra” ikusi du, eta horrek, ospitalean eta lehen mailako arretako zentroetan ematen duten zerbitzuen “berrantolaketa osoa” ekarriko duela iragarri dute. Hala, martxoaren 23tik aurrera, Goierriko osasun zentroen artean Beasain, Ordizia, Lazkao, Legazpi eta Zumarragakoa mantenduko dituzte zabalik, baita Idiazabalgo kontsultategia ere. Gainontzeko kontsultategiak itxi egingo dituzte. Erabaki horrekin, “osasun-arreta guztia berriro elkartu eta hainbat zirkuitutan antolatu” nahi dute.
Goierri-Urola Garaiko ESIak jakinarazi duenez, “paziente bakoitzari balorazio indibidualizatua egingo zaio telefono bidez, uneoro osasun-zentroan eta etxean aurrez aurreko osasun-arreta” bermatuz. Zumarragako ospitaleko larrialdi zerbitzuetan ere aldaketak izango dira, bai kokapen eta baita antolamendu aldetik ere. Gaur arratsaldetik aurrera, Pediatriako larrialdia Goizalde Kontsulten eraikinean kokatuko da. Astelehenetik aurrera, helduen larrialdiak bi kokapen ezberdinetan artatuko dituzte: ohiko Larrialdi Zerbitzua arnas-sintomak dituzten pertsonentzako bakarrik izango da, eta gainontzekoek, Kanpoko Kontsulten eremura jo beharko dute.