Zubirako planak, zapuztuta
Goierritarrak etxean geratu dira, autokarabanak aparkatuta, kontratatutako bidaiak bertan behera utzita eta bigarren etxeetara joan gabe. Etsipena nagusitu da
Aurten San Jose eguna, martxoaren 19a, jai egun izendatu dute egutegian, eta ostegunez egokitu denez, zubia osatu da. Udaberriaren gertuera aprobetxatuz, eta Gabonen ostean lan egutegian jai egunik ez dela izan kontuan izanik, jende askok planak eginda zituen egun hauetan etxetik kanpora joateko, opor laburrak hartzeko. Baina koronabirusak plan horiek guztiak zapuztu ditu: debekatuta dago lanerako edo erosketak egiteko izan ezik, etxetik ateratzea.
Beraz, Goierrin, beste toki guztietan bezala, asteburua opor txikiak hartzeko edo leku berriak ezagutzeko baliatu nahi zuten herritarrek bertan behera utzi behar izan dituzte bidaiak; furgonetak eta autokarabanak zeuden tokian aparkatuta edo gordeta geratu dira; eta Huescan, Landetan, Errioxan edo Kantabrian goierritar askok dituzten oporretarako etxeek itxita jarraitzen dute.
Zilarrezko eztei bidaia
Itsason bizi diren Jose Ramonek eta Maria Jesusek ez dute ahaztuko San Joseko zubi hau, zilarrezko ezteiak ospatzekoak ziren eta. Duela 25 urte ezkondu ziren, martxoaren 18an, eta egun hauetan «nobiotan egondako bi lekutara» joateko asmoa zuten, lehenengo Zamorako Sanabriara hiru egunetarako, eta gero Asturiasko Oviora beste hirurako; etxerakoan Getarian afaldu eta lo geratzekotan ziren, «bertan ezagutu ginelako elkar».
Aspalditik jai hartuta zuten biek bidai honetarako, baina duela hilabete bat «egoera hartzen ari zen itxura ikusita, eta lagun mediku batek okerrera egingo zuela esan ondoren, haren gomendioari jarraitu genion eta dena bertan behera utzi genuen».
Zilar ezteiak ospatzeko bidai handiago bat egiteko asmoa bazuten, eta asmo horrekin jarraitzen dute, «baina hau zen berezia guretako, gazte denborako gauzak gogoratzeko planeatu genuelako». Pena handia dute, baina hurrengo batean egingo dutela diote, «etorriko dira egun hobeak».
Segovia, beste baterako
Zegamako hamar familiri ere denek batera urtean zehar egiten duten bi bidaietako bat bertan behera geratu zaie. Hamar bikote eta euren seme-alabak, 40 bat lagun guztira Segoviara joatekoak ziren asteburuan, hiriburutik 20 kilometrora dagoen Yanguas de Eresma herrira.
Talde horretako Erkudenek azaldu duenez, euren plana «asteazken arratsaldean umeek eskolatik ateratakoan kotxeak hartu eta abiatzea zen»; han, Segovia, La Granja de San Ildefonso eta Valor txokolate fabrika bisitatu behar zituzten, besteak beste. Asko zirenez, eta guztiak etxe berean sartzea nahi zutenez, abendutik zuten hartuta ostatua. Baina egoera aldrebesten zihoala ikusita, joan den astean «umeak eskolatik etxera bidali ondoren, ostiral goizean erabaki genuen ez joatea». Etxearen fidantza ordainduta zuten dagoeneko, baina jabeek beste egonaldi baterako gorde diete. Ekainean egin nahi zuten urteko bigarren irteera, «ea ordurako dena pasa den!».
Eski sasoiari agurrik ez
Legazpiko Aitziberrek eta Xabierrek eta euren 10 urteko semeak San Jose zubi honetan autokarabana hartu eta Pirinioetara joateko asmoa zuten, elurretara, «eski denboraldiari agur esateko». Aurreko asteburuan ere izan ziren eskiatzen, eta Formigalgo estazioan forfait txartela kargatu ere egin zuten, egun hauetan joateko. Ezingo dute erabili ordea, eta Biescasen autokarabanentzako parkinean egin ohi duten egonaldia ere ez dute egingo. Aurtengoz, eskia amaitu da.
Plana bertan behera geratu izana «ondo hartu dugu guztiok», dio Atziberrek, «aurretik ikusten zelako zer zetorren». Aste Santurako zituzten planak zapuzteak amorru gehiago eman diela aitortu du, «Parisera joatekoak ginen; bidaia berezia zen, ni aspaldi joan nintzen eta bueltatzeko gogoa nuen, eta semearen urte betetzea ospatu nahi genuen. Berarentzako desilusio handia izan da».
Leon ezagutu gabe
Goierriko beste familia bat Leon ezagutu gabe geratu da. Senar-emazteak eta bi alabak ziren joatekoak egun hauetan. «Ez dugu hiri hori ezagutzen, eta etxetik hiru ordura edukita, kotxez erraz bidaiatzekoa da. Gainera, katedralak eta beste monumentu multzoek, eta alde zaharreko giroak fama badute, eta udaberri hasierarako toki ona iruditu zitzaigun», dio familiako aitak.
Leongo txokoak eta ohiturak hurrengo batean ezagutu beharko dituzte ordea. «Egoera iluntzen hasi zen lehengo astean, eta lehen unean, asteburua bertan behera utzi behar izango genuenik uste ez bagenuen ere, bistako arrazoiengatik ezeztatu egin genuen gero». Hasieran ez zieten ordaindutako diru guztia itzuli, baina Espainian alarma egoera jarri zutenetik aurrera, dena eman diete azkenik.
Errioxak han jarraituko du
Askorentzako, horrelako zubi eta asteburu luzeetarako plana familiek duten bigarren etxera joatea izaten da, eta asmo hori bera zuen Urretxuko Leirek. Familiak Errioxako Alesancon du oporretarako etxea, baina oraingoan ezin izan dira joan, besteetan bezala «lasaitasun bila, paseatzera, bizikletan ibiltzera eta ume txikiekin parkean jolastera». Hau dena igarotakoan, beste asteburu batean joango direla dio Leirek, «Alesancok eta Errioxa guztiak han jarraituko du».