Ezpata-dantza birtuala konfinamenduari aurre egiteko
Beasaingo Aurtzaka dantza taldeko kideek, bakoitzak bere etxetik, ezpata-dantza egin eta grabatu dute. Taldekide guztien irudiekin "Ezpata CoviDantza" izeneko bideoa osatu dute.
Askotariko ekimenak ikusi ditugu etxean hainbeste ordu pasatzen ari garen azken egunotan. Originaltasunari tiraka, Goierriko elkarte ezberdinak etxekoak, batez ere txikienak, entretenitzeko ekintzak sortzen ari dira. Beasaingo Aurtzaka dantza taldeak distantzian egindako ekimen kolektiboekin bat egin nahi izan du “Ezpata CoviDantza” iniziatibarekin.
Aurtzaka taldeko Xabi Garmendiak azaldu duenez, WhatsApp taldean luzatu zuten etxetik ezpata-dantza egin eta grabatzeko erronka; abetiaren grabaketa partekatuz, dantzariei zein musikariei ezpata-dantza egiteko deialdia eginez. Garmendiaren esanetan, “deigarria da ohiko ezpata-dantzan erabiltzen den materiala jendeak nola ordezkatu duen ikustea: ezpaten ordez erratzen eta zoru-garbigailuen makilak ikusi ditugu, hautsa kentzeko mopak, sukaldeko tresnak…”
Bestalde, Aurtzaka dantza taldeak ikastetxe guztiak ixteko agindua iritsi zenetik entsegu eta jarduera guztiak ere bertan bera utzi zituen. Hala ere, tarteka, dantza-tutorialak grabatu eta taldekideekin partekatzen dituzte, norberak bere etxetik entseatu dezan.