Miguel Calvillo boluntario nekaezina hil da
Gizartearekiko erakutsi duen konpromisoarengatik nabarmendu da azken hamarkadetan Calvillo, lan sozialean.
Miguel Calvillo Imaz ekintzaile sozial ordiziarra hil da gaur 84 urte zituela. Ordiziako Guraso Elkarteko presidente izana Frankismo garaian, gestoria bateko gidari lanetan osatu zuen bere ibilbide profesionala, eta Gaztedi Langile Katolikoko eta Euskadiko Ezkerrako kide izan zen –bederatzi urtez izan zen zinegotzi Ordiziako Udalean–. Hala ere, gizartearekiko erakutsi duen konpromisoarengatik nabarmendu da azken hamarkadetan Calvillo, lan sozialean. Gueske, Nagusilan eta Fiare banku etikoa elkarteetan aritu da, baita etxegabetzean aurkako eta emakumezko alargunen aldeko mugimenduetan ere.
Orain dela bost urteko Santa Ana jaietan –2015ean–, txupinazoa botatzeko ohorea eskaini zion udalak “bere ibilbidea eta gizartearekin izan duen inplikazio berezia aitortzeko”, eta iaz, Ordiziako Boluntario azokan omenaldia egin zioten. Pertsonen eta herritarren bizitzak hobetzeko helburuarekin lanean diharduten oinarrizko gizarte mugimenduen balioa azpimarratu zuen hitza hartu zuenean.
GoiBerri astekariari elkarrizketa eskaini zion Miguel Calvillok 2015ean, Gipuzkoako adinekoen hainbat elkartek plataforma bakarrean biltzeko arrazoiei buruz hitz egiteko.