Apirilaren 11ra arte iraungo du etxeko bakartzeak, alarma egoera luzatuta
Lau astera bikoiztu du Espainiak koronabirus izurritetik babesteko isolamendu epea. Enpresen jarduerarengan daude orain begiradak. Lantegi gehienetan lanean ari dira
Konfinamenduaren bigarren astea begia apirilaren 11n jarrita hasi du Goierrik. Espainiako Gobernuak etxeko bakartze aldia bikoizteko eskatu dio Espainiako Kongresuari. Hasieran martxoaren 29ra artekoa zen erabateko itxialdia, Aste Santuko larunbatera arte (hura barne) iritsiko da, printzipioz, opor mugimenduak saihesteko.
Goierrin, egoera ezohikoaren barruan normaltasuna itzuli zen atzo, lau eguneko zubiaren ondoren. Eskualdeko enpresa handiena, CAF, produkzioa etenda eta itxita dago lehengo astelehenaz geroztik. Langileen batzordeak eta zuzendaritzak ostiralean itundu zuten apirilaren 20ra arte ez dutela tailerretan lanik egingo. Bulegoetakoak etxetik ari dira. Aldi bateko lan erregulazio espedienterik (ERTE delakoa) ez dute aplikatuko, eta soldata osoa jasoko dute langileek.
Hilabete honetan galdutako orduak berreskuratu beharko dituzte, hori bai. Apirilaren 20tik aurrera, urtean zehar eguneko lanaldia zerbait luzatuko diete, eta astebururen bat ere sartu beharko dute. Aldi baterako 100 langile kontratatuko ditu CAFek, ekoizpena bere oneratzeko.
Legazpiko CIEn, berriz, ERTEa aplikatzea adostu zuten atzo batzordeak eta zuzendaritzak. Atzotik uztailaren 31ra egongo dira erregulazioan, eta langabeziara joango dira. Soldataren %85era arte enpresak osatuko du, baita langabeziako ordaina aurreratu ere, INEM atzeratzen bada.
Bailaran itxita dauden beste lantegi handiak Indar (Ormaiztegi) eta GKN (Legazpi) dira. Gainerakoak ekoizpenean ari dira, batzuk lantalde murriztuagoarekin ari diren arren.
Eztabaida ekonomiarantz
Osasun krisia dagoenik inork ukatzen ez duen bezala, beheraldia ekoizpenera, industriara eta, azken batean, ekonomiaren arlora iragan ez dadin da orain zenbait guneren nahia. Eta eztabaida piztu da, zerk daukan lehentasun handiagoa, edo langileen osasunak edo jarduera ekonomikoa ez geratzeak.
Eusko Jaurlaritza, EAJ eta PSE-EE buru, eta enpresari elkargoak lanean jarraitzearen aldeko agertu dira. Sindikatuek eta Eusko Legebiltzarreko oposizioko lehen talde EH Bilduk «ezinbesteko» ez den ekoizpen oro gerarazteko exijitu diete erakundeei eta enpresei. Oraingoz, Goierrin gehiago dira irekita segitzen duten lantegiak, itxita daudenak baino.
Ekoizpen arloan, Arcelor Mittalen altzairutegiak martxan jarraitzen du, eta trenak atzo jarri zituzten berriro abian, hango iturriek adierazi dutenez, bi eguneko etenaren ondoren. Indarren, tailerrean «langileen portzentaje batek» lanean segitzen du. Bi kasuetan, bulegoetakoak norbere etxetik ari dira. GHn atzo itzuli ziren lanera, aurreko asteko hiru lanegunetan geldirik egon ondoren.
Izurriaren gailurraren zain
Dena dela, koronabirusaren izurriaren hedapenak baldintzatuko du industriaren ahala ere. Osasungintzak aste honetarako espero du Goierrin eta Gipuzkoan kutsatutakoen kopuruaren bilakaera-taulan gailurra jotzea.
Osakidetzaren datuen arabera, Goierrin 19 kasu positibo zeuden baieztatuta igande gauean, ostiralean baino sei gehiago. Bederatzi herritan dago koronabirusak gaixotutako bizilagunen bat, gehien Zumarragan (6).
Herrietako mediku kontsultak itxi ditu Osakidetzak
Osakidetzaren Goierri-Urola Garaiko ESI Erakunde Sanitario Integratuak eskualdeko osasun arreta zebitzua birmoldatu du, Lehen Arretako Zentroei eta Larrialdi zerbitzuei dagokiena. Neurriaren eragin handiena herri txikietan eta ertainetan nabarituko da. Atzodanik, mediku kontsultorioak itxita daude herrietan. Idiazabalgoa bakarrik mantenduko dute zabalik, baina bi mila biztanletik beherako gainontzeko herri guztietako kontsultetan ez dute zerbitzurik emango.
Ostiralean jakinarazi zuen Goierriko ESIk aldaketaren berri, eta atzo sartu ziren neurri gehienak indarrean. «Osasun arreta bateratzeko eta zirkuitu desberdinetan antolatzeko hartu dugu kontsultorioak ixteko erabakia», azaldu Goierriko ESIk.
Herri haziagoetako osasun zentroak zabalik mantenduko dituzte: Beasain, Lazkao, Legazpi, Ordizia eta Zumarragako anbulatorioak. Zumarragako Ospitaleko larrialdi zerbitzuei ere eragin die alarma egoerako plangintza berriak. Hala, ostiral arratsaldeaz geroztik, haurren larrialdiak ospitaleko Goizalde kontsulta-eraikin berrian ari da hartzen Osakidetza. Helduen larrialdiak bi eremutan hartzen hasi ziren, atzo. Betiko larrialdietako gunea arnasketa arazoak dituzten erientzat soilik erreserbatu dute; koronabirus gaitzaren sintomak dituztenentzat tartean, alegia. Aste honetan espero dute izurriteak kutsadura hedapen handiena hartzea. Arnasketa arazorik ez daukaten gainontzeko helduek, berriz, larrialdirako kanpo-kontsulten atarira jo behar dute.