Objektiboa jaisteko unea
Fotoetxe argazki dendako lantaldeak erretiroa hartuko du. «Jubilatu bai, baina argazkilaria betiko izango naiz», dio Telleriak. Analogikotik digitalera, iraultza bizi izan dute dendak zabalik daramatzan ia 40 urteotan.
Jose Mari Telleriak bisoretik begiratu eta Fotoetxe argazki dendaren ia 40 urteko ibilbidea ikusten du. «Lana izan da, baina jolaslekua ere bai. Fotoetxek irudimena eta zaletasuna lantzeko aukera eskaini dit», esaldiarekin laburbildu du urteetako jarduna Telleriak. 1981. urtean zabaldu zuten denda: «Garai zailak ziren, orduan ere krisialdi ekonomikoak gogor jotzen baitzuen. Halere, gazteak ginenez ez genuen beldurrik, eta aurrera jo genuen», oroitu da Telleria. «Etxekoen laguntza izan genuen, eta eskertu beharrean gaude». Martxoarekin batera esan behar zuten agur, baina luzatzen saiatuko dira egoera bere onera etorri arte.
Oraindik gogoan ditu norentzako izan ziren bere lehen lanak. «Esaten didatenean beraien ezkontzetako argazkiak oraindik ere erakusteko modukoak direla eta gustura erakusten dituztela, gauza ederragorik ez dago. Halakoetan, nire buruari esaten diot zerbait ongi egingo genuela». Hamaika ezkontza eta ospakizun erretratatu ditu bidean. Halere, «dendari estimu berezia diot. Ezkontzak politak dira oso une bereziak direlako, baina estudioa asko maite dut», azaldu du Telleriak.
«Argazkilaritzak badu alor sozial bat. Ez dugu produktu soil bat saltzen, eta bezeroarekin harreman berezia sortzen da», dio. «Jendearentzako oso bereziak diren uneen lekuko izateko aukera izan dut». Argazkilaritza bokaziozko lana izan da. «24 urterekin hasi nintzen argazkigintza munduan. Hasieran era amateurrean: etxeko ganbaran jarri nuen argazkiak errebelatzeko laborategia. Gero egin nintzen profesional».
Aldaketa handiak
Argazkigintzak aldaketa handiak bizi izan ditu urte gutxitan. «Laborategi txikiek ekarri zuten lehen jauzi handia. Gero, analogikotik digitalera igaro ginen. Hori bai izan zela erabateko aldaketa. Eta, orain, internetek aukera berri asko zabaldu ditu».
Aurrerapenei esker argazkigintza demokratizatu egin da, edonork duelako argazkiak ateratzeko aukera: «Orain, argazkilaria profesionala den edo ez nabaritzen da. Enkoadraketa, argia, tratua… profesional batek gehiago zaintzen du», nabarmendu du. Argazki dendak ez direla amaituko uste du, «beti egin dugun bezala» moldatu egingo direlako. Telleriak ere ez du argazkilaritza erabat uzteko asmorik: «Jubilatu bai, baina argazkilaria betiko izango naiz».
‘N-23’ sorkuntza proiektuak garatzen jarraituko du
Fotoetxe argazki denda Nafarroa etorbideko 25. lokalean dago, baina luzapen bat du 23.goan, lehenengo dendan. Telleriak bertan du estudioa, eta
erakusketak ere hantxe antolatzen ditu. Denda itxi egingo den arren, estudioak zabalik jarraituko du sorkuntzari bideratuta.«Urte bukaerara bitarte ekimen asko ditut martxan. Ea denak aurrera ateratzeko modua dugun». Irabazi gabeko ekimenak izango dira. «Sormena, kultura eta artearen inguruko lagunarteko gune bat izatea nahi dut», borobildu du. «Zorionez, herriko kultur eragile askorekin lan egiteko aukera izan dut. Bide bat zabaldu dit horrek, eta jarraitu egin nahiko nuke», osatu du argazkilariak.
Lan eta jolas izena jarri dio estudioan antolatzen dituen ekimenei. Tartean, inguruko sukaldariekin eta Beasaingo ikasleekin erakusketak egin ditu eta, egun, irudiak eta hitzak bilduma dago ikusgai erakusleihoan. Goierritar ezagunak erretratatu ditu Telleriak, hala nola, Joseina Etxeberria, Elena Calvillo eta Mikel Aiestaran. Lehiaketak ere antolatu izan ditu, tartean GOIERRIKO HITZAren udako argazki lehiaketa.
Sorta luzea, esku artean Koronabirusak eragindako alarma egoera amaitutakoan eta normaltasunera itzulitakoan, Telleriak estudioa zabalduko du. Egun hauetarako Dantza bizian performancea prest zuen herriko dantzariekin, baina atzeratu egin behar izan du. «Aurrerago ere izango da denbora», dio.