Posta eta banaketa zerbitzuak etenik gabe
Alarma egoeraren ondorioz lan jarduera asko eten badira ere, lanean darraite Correosen, Nacex banaketa enpresan eta GOIERRIKO HITZAko banatzaileak. Egunerokoa nolakoa izaten ari den kontatu dute.
Koronabirurasen krisiak lan jarduerari eragin dio. Enpresa handi eta txiki askok itxi egin dute eta etxetik lan egin dezaketen haiek, hala ari dira. Egunotan ordea, lanean darraite banaketa lanak egiten dituztenek. Hori da Aintzane Arizmendiarrieta GOIERRIKO HITZAko banatzailearen, Kristobal Morente Correos-eko langilearen eta Mikel Gurrutxaga Beasaingo Nacex banaketa enpresako arduradunaren kasua.
Zumarragako postaria da Morente, duela urte asko. Egun arraro hauetan, lanean ari da, «baina langileen artean txandak eginez, egun batean lan tade bat eta hurrengo egunean, beste bat». Bi egunetik behin lan egiten dute alarma egoera abiarazi zutenetik. Bulegoan, banaketa egin aurreko sailkapena egiterakoan, langile pilaketarik egon ez dadin eta alde berean, lanean ari direnen artean gorde beharreko gutxieneko distantzia gorde ahal izateko ari dira modu horretan.
Etxez etxeko banaketa egitera ateratzen direnean ere, oso kontutan ditu hainbat neurri. «Maskarillarik ez, baina eskularruak janzten ditut egunero». Bizilagunekin zuzenean daudenean ere berdin: «Bi metroko distantzia zainduz nabil».
Azken astean ohi baino lan gehiago duela dio. «Jende gutxiago gaude lanean, batetik, bajak daudelako, baina bestetik, lanean egun batean bai eta hurrengoan ez ari garelako, horregatik lanak pilatzen ari dira. Ahal duguna egiten dugu».
Nacex banaketa enpresak ere ez du jarduera eten. Beasainen dute bulegoa eta Goierri behea eta goia da haien lan eremua. Gurrutxagak kontatu du, egunotan «lan bolumena asko jaitsi» dela. Goierrin, internet bidez egiten diren eskariei dagokionez, «ez da gorakadarik izan» baina bai nabaritu dute «belardendatako eta farmazia produktuen eskaerak nabarmen gora» egin duela.
Paketeak entregatzeko garaian, «pertsonen arteko kontaktua saihestuz eta eskularruekin» ari dira banatzaileak. Enpresetan entregak egiterakoan, «enpresa bakoitzak ezarrita dituen kontrolak igaro behar» dituzte. Kasu batzuetan, «tenperatura hartzen diete arreran, edo maskarrilla jartzera ere derrigortzen» dituzte.
HITZA buzoietan
Egunotan lanean ari dira GOIERRIKO HITZAko banatzaileak, harpide guztiek egunkaria haien etxeetan jaso dezaten. GOIERRIKO HITZAren sorreratik ari da lan horretan Arizmendiarrieta, Urretxun eta Zumarragan: «Duela 15 urte hasi nintzen, eta gaur-gaurkoz, hortan jarraitzen dut». Bigarren lan batekin uztartzen du banaketa lana: «Ospitalean ere lan egiten dut, goizez joan behar badut, HITZA banatzeko 03:00etan altxatzen naiz, horrela, ospitalera joan aurretik egiten dut banaketa. Ospitalean arratsaldez lan egin behar badut, 06:00etan altxatu eta 06:30etarako HITZA banatzen hasten naiz». Oso goiz aritzen da, «ordu horietan jende gutxi ibili ohi da kalean, baina azken astean, ohi baino gutxiago dabil». Banaketari dagokionez, «arazorik gabe» ari dela nabarmendu du.
Trafiko gutxiago izateak ordea, «abantaila» suposatu dio : «Kotxe gutxiago dabil banaketa egiten dudan orduetan, kaleak zeharkatzeko oztopo gutxiago dut beraz, eta lehenxeago amaitu ohi dut».
Banaketa egiterakoan, segurtasun neurriak hartzen ditu: «Eskularruak erabiltzen ditut eta horrez gain, enpresak emandako ziurtagiria ere gainean daramat badaezpada». Pertsonekin zaindu beharreko gutxieneko distantziaz esan du, «ia jenderik ez dabilenez, erraz betetzen» duela hori
Herritarrak, behar-beharrezko gauzak egiteko baino ezin dira etxetik atera. Hori horrela, Arizmendiarrietak uste du, «harpideek egunkaria sekula baino gusturago jasoko» dutela. Eguneroko albisteen jarraipena egiten ari da GOIERRIKO HITZA eta ziur dago,«denbora pasa bat izatea hain beharrezkoa den une hauetan, egunkarian jasotako albisteak irakurtzea eskertuko dutela».