Azoka, frontoiko babespean
Beti Alai pilotalekuan eta segurtasun neurri zorrotzekin egin dute azoka gaur, Ordizian. Nekazariak gustura agertu dira, beste herri batzutan ez bezala, Ordizian postua jartzeko aukera dutelako.
Frontoian eta babes neurri handiekin. Horrela egin dute gaur azoka Ordizian. Ezin esan asterokoa denik, joan den asteazkenekoa bezala, hau ere berezia izan baita. Bederatzi baserritarrek bakarrik jarri dituzte postuak, eta segurtasun aldetik, neurri gehiago hartu ditu udalak. Beti Alai pilotalekuko sarreran eskuak garbitzeko arraska jarri dute, eta frontoi barruan ere, erosle nahiz saltzaileen artean tarte handiak gorde behar izan dituzte. Babes zibilekoak aritu dira herritarren sarrera-irteerak kontrolatzen.
Udalak nekazarien alde egindako apustua izan da postu horiek mantentzekoa, eta hauek ere, gustura hartu dute ekimena, batez ere, beste herri batzutan azokak debekatzen ari direla ikusita. Salmenta aldetik ezin da ohiko azokarekin alderatu, baina postu gutxiago izanda, konforme agertu dira saltzaileak, baserrian duten generoa nolabait ateratzen ari direlako.