Musika, itxialdian lagun
Ordiziarrock Ekintzak taldeak hainbat jarduera egingo ditu astean zehar konfinamendua arintze aldera. Errutinatik ateratzeko espazioa sortzea da ideia. Beste batzuk, sare sozialetan ari dira zuzenean musika jartzen.
Konfinamenduko hamargarren eguna da gaurkoa. Eta apirilaren 11ra arte, gutxienez, iraungo du herritarrak etxean geratzeko aginduak. Musika, kirola, sukaldaritza…denetik ikus daiteke egun hauetan sare sozialetan. Etxetik etxera. Bada leihoarteko pintxopotea ere egin duenik.
Ordiziarrock Ekintzak ekimenaren barnean, etxean pasa beharreko arratsalde eguzkitsuak arintzeko ekintzak antolatu ditu herritar talde batek: «Agendatxo bat ari gara sortzen, inprobisatuta, eta astetan hiru aldiz edo egingo ditugu», azaldu du antolakuntzak.
Monotoniatik at
Musika oinarri duten arren, egunotan ez da hori izango abiapuntua: «Ez soilik musika, gehienbat gaztetxoenak errutina honetatik ateratzeko espazioa sortzea da ideia». Joan den astean, aitaren eguna eta umeen eguna ospatu zuten balkoitik balkoira, eta aste honetan «bingo herrikoia» egingo dutela jakinarazi dute.
Whatsapp talde handi bat sortu dute bizilagun batzuen artean, ideiak elkarbanatzeko: «Bizilagunen ekimena da, guk erreminta jarri eta eskariaren arabera jarriko dugu martxan». Izan ere, taldeko hainbat kidek dituzten materialak baliatu dituzte ekintzetarako: «Herrian zehar hiru lagun inguru dauzkagu megafonia ekipoarekin; monotoniatik ateratzeko jarraituko dugu horrelakoak egiten».
Disko jartzaileak pantailan
Zuzeneko musika saioak ere entzungai daude alarma egoera ezarrita dagoen egun hauetan. Sare sozialak erabiltzen dituzte askok. Mikel Alvarez beasaindarrak larunbatean egin zuen zuzeneko DJ saioa: «Rock eta indie-rock musika jarri nuen». Instagram bidez egin zuen, eta lagunarteko ekintza izan behar zen arren, publiko zabalago bat izan zuen: «Uste nuena baino jende gehiago batu zen; jende gehien zegoen momentuan 40 bat izango ginen», azaldu du Alvarez beasaindarrak.
Koronabirusaren aurkako hedapen neurriek sormena eta elkartasuna piztu dituzte etxe askotan. Apirilaren 11ra bitartean, gutxienez, alarma egoerak jarraitzen duen bitartean, ohikeriatik ateratzeko ekintzak ikusiko ditugu etxerik etxe eta balkoirik balkoi. Izan musika, sukaldaritza ala kirola.