Udal jardunak ez du etenik
Herritarrengandik gertuen dauden erakundeak dira udalak, eta hainbat neurri hartu behar izan dituzte alarma egoeraren aurrean. Legazpikoa, Segurakoa eta Beasaingoa, guztien isla
Espainiako gobernuak alarma egoera eta konfinamendua ezarri aurretik, udal asko neurriak hartzen hasiak ziren koronabirusaren zabalkundeari aurre egiteko, besteak beste, kultur ekitaldiak edo zine emanaldiak bertan behera utzita. Orain, aginduak goitik etortzen badira ere, udalek zeresan eta zeregin handia dute krisialdi honetan, herritarrengandik gertuen dauden erakundeak direlako. Horregatik, euren jardunak ez du etenik.
Goierriko udalak ez dira salbuespena, eta lanean jarraitzen dute eguneroko martxa egoera berezi honetara moldatuta.
Legazpin, berrantolaketa
Legazpiko Udalak langileen funtzioak berrantolatu egin ditu Koldobike Olabide alkateak jakinarazi duenez, eta ez udaletxean ez beste zerbitzuetan ez dute egiten arreta presentzialik. Brigadakoek, obrak alde batera utzi eta behar dutenei etxera janaria eta botikak eramaten dizkie, eta kaleak desinfektatzen hasiko dira laster. Gainerako langileetako batzuk etxetik telematikoki lanean ari dira, baina gehienak udaletxean bertan. Guztiak gizarte zerbitzuen esanetara daude, alor horri eman baitiote lehentasuna. Adinduak eta behar bereziak dituztenak identifikatuta dituztela dio alkateak, eta horien egoeraren jarraipena egiten ari dira.
Koronabirusarekin zerikusia duten erabaki eta neurri guztiak hartzeko, koordinazio mahai bat osatu dute: «08:00etan elkartzen gara egunero, pleno aretoan bertan; bilerak aurrez aurre egiten ditugu. Gainerako bilerak, martxoko plenoa adibidez, bertan behera utzi dugu».
Egoera honen aurrean arduratuta dagoela aitortu du Olabidek, «baina herritarren erantzuna oso ona da, eredugarria». Koronabirusa «oso demokratikoa» dela dio, eta ez harrapatzeko erremediorik onena etxean geratzea dela gogoratu du. Herrian dauden gaixoen berri ere baduela esan du, eta kopuruak gora ez egiteko «oso zuhur jokatu» behar dela nabarmendu du.
Seguran, udaletxean lanean
Segurako Udalean langile guztiak lanean ari dira Izarra Urdalleta alkateak azaldu duenez. Brigadakoak, herrian banatuta eta banaka ari dira lanean. Bulegokoetako batzuk etxetik ari dira lanean, baina gehienak udaletxean daude.
Udal bulegoak publikoarentzako itxita daude, eta herritarrek telefono bidez edo internetez egin ditzakete tramiteak.
Alkatea bera ere udaletxera joaten da egunero, baina udal taldeko bilerak ez dituzte aurrez aurre egiten, baizik eta interneteko aplikazio bat erabiliz. Eta bilerak, «beharrezkoak dira», dio Urdalletak, «egoera honi nola aurre egin erabakitzeko momentuoro gainean egon behar da, gauzak oso azkar aldatzen dira». Zaborraren inguruko erabakiak, anbulategia itxi izana, herritarrek etxetik ezin dutela irten gogoratzeko neurriak… «beste guztia geratu egin da, baina egoera honek koordinazio eta antolaketa lana eskatzen du».
Segurako Udalak, bestalde, egoera honen aurrean herritarrek izan ditzaketen beharrei erantzuteko telefono bat jarri du 24 orduz, eta boluntario talde bat ere koordinatzen du, etxetik ezertarako irten ezin direnei erosketak edo botikak eramateko, adibidez.
Egoera gogorra dela esan du Urdalletak, «ekainaren 15etik herri osoa daramat bizkarrean, are gehiago orain». Baikor da, hala ere, Seguran orain arte kutsaturik ez dagoelako, baina egoera hori alda daitekeela ere jakitun da: «Gure esku dagoen guztia egiten ari gara, eta gaixo- tasuna iristen denean, iristen bada, lasaitasunez erantzungo dugu, herritarrek neurri hauek arduraz onartu dituzten bezala».
Beasainen neurri ugari
Beasaingo udaletxea ia hutsik dago, bulegoetako langile gehienak etxetik ari direlako lanean Aitor Aldasoro alkateak esan duenez. Herritarrentzako arreta zerbitzu presentzialik ez dago, eta 943 02 80 50 zenbakia edo udala@beasain.eus helbidea jarri dituzte harremanetarako. Udaltzaingoko eta brigadako langileek, berriz, zereginak aldatuta eta beharrezko neurriak hartuta, lanean jarraitzen dute.
Udalkideen jardunari dagokionez, martxoko udalbatza eta beste bilera asko bertan behera utzi dituztela esan du Aldasorok, «apirilean berreskuratuko ditugu». Bestetik, egin beharreko bilerak bideokonferentziaz egiten dituztela eta kide guztiak whatsapp bidez etengabe harremanetan daudela gehitu du. Izan ere, une hauetan, «Espainiako gobernutik, Eudeletik, beste erakundeetatik… informazioa etengabe iristen ari da eta hori guztia kudeatu eta neurriak eta erabakiak hartu behar ditugu». Neurri horien artean TAO sistema bertan behera uztea edo zabor edukiontziak zabalik uztea daude.
Neurri gehiago ere hartu dituzte, eta arreta berezia jarri dute adinekoengan; 80 urtetik gorako ehunka beasaindarrei deitu diete, eta premia berezirik ez dutela detektatu azaldu du alkateak. Boluntario talde bat badagoela ere gogoratu du.
Egoera «gaur-gaurkoz lasaitzeko modukoa» dela ere esan du, datu ofizialen arabera herrian kutsatu bakarra dagoelako. Horren aurrean, jendea animatu egiten du «orain arte bezala tinko jarraitzeko, eta elkartasun ariketa honekin segitzeko». Autonomoak, dendariak… eta batez ere adinekoak ditu gogoan, «gure nagusiei hainbeste zor diegu… orain da unea gugatik egin dutena itzultzeko».