Irizarrek apirilaren 14ra arte itxita jarraituko du
Aste santura bitartean ez dute lanik egingo, "protokoloak betez jarduerari ekiteko" baliabiderik ez dutelako. Apirilaren 14tik aurrera ere, 2 produkzio lerrotan bakarrik jardungo dute.
Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean, jarduera etenda dagoen enpresetako bat da Ormaiztegiko Irizar kooperatiba. Gaur egin duten bileran, etenaldi horrekin jarraitzea erabaki dute apirilaren 14ra arte. Enpresako Kontseilu Errektoreak bidalitako oharrak dionez, “gaurkoz ez dugu baliabiderik aurreko jakinarazpenetan aipatutako protokoloak betez jarduerari ekiteko”.
Aste santura arteko epea izango du, momentuz, lan jardunaren etenaldiak. Apirilaren 14tik aurrera, “2 produkzio lerrotan” lan egingo dute, eta hilaren 20tik aurrera, “erritmo hori 4ra igotzen” saiatuko dira. Erritmo horiek “osasun egoeraren eta gure bezeroen beharren arabera” egokituko dituzte hortik aurrera.
Asmo horiek, ordea, “ezarritako segurtasun protokoloak betetzeko baliabideak gure esku izateak” baldintzatuko du, Kontseilu Errektorearen arabera. Aste santu aurreko bi aste horiek, “berreskuratu beharreko egunak” izango dira langileentzat. Hala, “eskaera-zorroak eta aurreikusitako jarduerek uzten badute, abuztuko astebete lan aste” bihurtuko lukete, galdutako lan egunak berreskuratzeko. Oraindik ez dute zehaztu zein aste izango den.