Koronabirusak ez du Goierriko adinekoen egoitzetan sartzea lortu
Langileak oso gogor lan egiten ari dira. Senitartekoen bisitak debekatu egin dituzte. Suhiltzaileak adineko egoitza guztietako gela eta komun guztiak desinfektatzen ari dira
Koronabirusa adinekoentzat beste inorentzat baino arriskutsuagoa da. 70 urtetik gora, hilgarritasuna asko igotzen da. Hori dela eta, koronabirusa adinekoen egoitzetan sartzea oso arriskutsua da. Goierriko adinekoen egoitzetan segurtasun neurriak oso zorrotz errespetatzen ari dira eta oraingoz ez sartzea lortu dute.
Adineko egoitzetako langileak oso gogor lan egiten ari dira COVID-19ari atea ixteko. «Dena kontrolpean dugu. Ia ziur gaude koronabirusa ez dela sartu. Langile batek gaixotasun baten sintomarik txikiena badu, etxera bidaltzen dugu», aipatu du Kristina Uribeetxeberria Legazpiko Santa Kruz egoitzako koordinatzaileak.
Egun gogorrak izaten ari dira, baina baita hunkigarriak ere. «Egun gogorrak bizitzen ari gara, gauza berri askori aurre egiten ari baikara. Hori dela eta, langileok oso sentiberak gaude. Orain barre, orain negar… Azken egunetan une hunkigarri asko bizi izan ditugu. Igandean, adibidez, egoiliar baten senitartekoek postre bat eta gutun bat bidali zizkiguten eskerrak emateko. Eskutitza bihotzez idatzita zegoen eta denok negar egin genuen».
Senitartekoentzat eta egoiliarrentzat ere egun gogorrak izaten ari dira, bisitak debekatu baitira kutsatzeak saihesteko. Egoiliarrak telefono bidez jartzen dira harremanetan senitartekoekin. «Tablet bat eskatu genuen bideo konferentziak egiteko, baina Gasteizko postetxean atxiki dute. Hori dela eta, langileon telefono mugikorrak erabiltzen ari dira senitartekoekin hitz egiteko. Senitartekoak kezkatuta daude eta hemendik agur bero-bero bat bidali nahi diegu: lasai egon daitezela, beraien senideak oso ondo daude eta».
Gizartea adineko egoitzetako langileekin zorretan dago, aspalditik. Krisi honetan ere dena ematen ari dira beraien zaintzapean daudenen alde. «Langileak oso eskuzabal jokatzen ari dira. Beraien jokaera hunkigarria da. Ordutegitik kanpo lan egiten ari gara eta edozein unetan lanera itzultzeko prest gaude».
Egoera honek lankideen arteko elkartasuna areagotu du. «Harreman ona dugu, baina egun hauetakoa oso berezia da. Umoreari eusten saiatzen gara eta lankide bat etsitzeko zorian dagoela ikusten badugu, guztion artean animatu egiten dugu».
Zorionez, adinekoen egoitzetako langileak ez daude bakarrik. «Komunitate guztiari eskerrak eman nahi dizkiogu: udalari, Santa Kruz egoitzaren ardura duen GSR kooperatibari, aldundiari… Aldundiaren telefonoa une oro gure eskura dago eta GSR eta aldundia materiala bidaltzeko ahalegina egiten ari dira. Dena ongi etorria izango da. Maskarilla kirurgikoak eta FFP2 motakoak behar ditugu eta halakoak erabiltzen dituzten enpresei deia luzatu diegu».
Suhiltzaileen laguntza ere badute. Atzo eraikineko sarrera eta guztiek erabiltzen dituzten gelak desinfektatu zituzten. Amaieran, guztiek elkarrekin argazkia atera zuten.