Dagoena hartu, besterik ezin
Zaldibiako plaza eta kale hutsetan, ezohiko egoeran ohiko bihurtu diren zereginetan dabiltza herritar gutxiak. Erosten batzuk, saltzen eta banaketan besteak, eta ahal den arte lanean.
Tristura, amorrazioa eta dena ematen du. Aspergarria!», bota du okindegira bidean doan zaldibiar batek, plaza hutsean. «Gaur ez duzu jenderik aterako», erantsi dio kazetariari. Ez dago arriskurik. Zaldibiako plaza eta Santa Fe kalea inor gabe daude. Udaberriko haizexka leunak eragiten ditu hots bakarrak. Janari-dendak daude zabalik, eta udaletxe berriko obrako langile gutxien jarduna soilik gehiago.
Herritarrak goizean irteten dira, ahal dutena egitera bakarrik, eta lehenbailehen. Dendetan hiru laguneko gehiengo aforoa daukate mugatuta. Kanpoan beste pare bat lagun zain, ilaran. Jendeak nolabaiteko normaltasun bat eman dio konfinamendu egoerari, eta bere errutinatxoa antolatu du: «Aste honetan lasaitu da egoera. Hasiera eromena izan zen, denak urduri eta ilara luzeak osatuz», azaldu du Erosleko Ana Barcinak.
Nabaritu eta eskertu dute larritasun hori baretzea dendariek. Goiz eta arratsalde edukitzen dute denda irekita, baina jende gehien goizetan ibiltzen da erosketetan.
Denda txikiak, azkena
Dendarako salgaien eskariekin gaizki dabiltzala esan du Barcinak, «oraindik». «Denda txikiei ez digute denetik ekartzen. Supermerkatu handiei eman diete lehentasun guztia banaketarako, eta txikiotan sumatzen dira gabezia batzuk», deitoratu du. Alkoholik edo eskularrurik ez daukate batere, adibidez. «Janaria badago, nahiz eta momentu batzuetan gauza batzuk bukatzen diren. Baina bihar [gaur] ekarriko dizkidate».
Santa Fe kalean haraxeago, furgoneta deskargatzen ari da Pagosa okindegiko Luis Miguel Aldasoro, goizeko enegarren banaketa-bueltan. Kalean dabiltzan ibilgailu gehienak beste banatzaile batzuen furgonetak dira. Ohiko martxatik «lan gutxiago» egitera igaro da Aldasoro. «Eskolak eta tabernak itxita daude, eta horietara ogia eramaterik ez daukagu orain. Baina, bestela, ibilbidea antzekoa egin behar izaten dut». Ogiaren ekoizpena, jakina, murriztu egin dute horregatik.
Kaleko lanak egin behar
Zaldibiatik Tolosaraino joan ohi da; Legorreta, Ikaztegieta… «Alegiako gasolindegira ere bai, baina hura ere itxita dago, beraz, han ere ez naiz gelditzen». Gainontzean, inguruko herri txikietako biran ez da askorik aldatu ogi banaketa: «Gaintzan, Larraitzen eta Abaltzisketan baserrietan normal hartzen dute. Agian bestetan baino gehixeago. Igualtsu saltzen diogu jendeari, egunaren arabera», dio Aldasorok.
Udaletxea herritarren aurrez aurreko arretarako itxita dago, baina martxan jarraitzen du erakundeak. Eten ezin diren zerbitzu asko daude, argindar hornidura, adibidez.
Kaleko farola bat konpontzen ari da Mikel Garmendia elektrikaria, udalak kontratatutako Anbu Elektrizitatea etxekoa. Autonomoa da. «Etxeetara ezin dugu sartu orain, eta kanpoko lanak egin behar. Horiek bukatzen direnean ikusi behar zer egiten dugun… Baina itxura txarra hartzen diot honi, beltz dago dena».
Bere aletxoa jarri du, ordea, elektrikariak. Berehala jarri du farola behar bezala. Argia bada.
Udala eta herritar boluntarioak, laguntza sarean
Zaldibiako Udalak bultzatuta, etxetik irten ezin eta elikagaiak edo botikak behar dituztenei laguntzeko protokoloa abian da. Boluntarioekin batera ariko dira udal brigadakoak; orain arte ez da beharrik izan. Erosketetan laguntza jaso nahi duenak udaletxera hots egin behar du (943 88 03 57), eguerdia baino lehen. Zerrenda udalak herriko komertzioei bideratuko die, eta haiek biharamuneko 10:00etarako prestatuko dituzte poltsak, kodetuta eta datu pertsonalik gabe.
Dendatik etxera eramateaz udal langileak arduratuko dira astegunetan, eta asteburu eta jaiegunetan boluntarioak. 30 laguneko taldea osatu da, Zaldibian eremuka banatuta. Ate aurrean utziko diete poltsa.