Familiak Sarean proiektua jarri dute martxan aldundiko hiru museoetan
Igartubeiti museoak, Zumalakarregi museoak eta Donostiako itsas museoak tailerrak eskainiko dituzte sarean. Txandaka, hiru egunez behin argitaratuko dute informazioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak dituen hiru museoetan egun hauek arintzeko proiektua jarri dute abian. Familiak Sarean izena du ekimenak, eta internet bidez haurrak eta helduak museoetara gerturatzea da helburua. Ezkioko Igartubeiti Baserri Museoan, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan eta Donostiako Itsas museoan ekintza ezberdinak egingo dituzte hiru egunez behin, museo bakoitzaren jarduerara egokituta.
Google Classroom plataforma erabiliko dute hiruek ere ekintza horiek burutzeko. Parte hartu nahi duenak gmail kontu bat erabili behar du; mezu bat bidali behar da earruti@k6gestioncultural.com helbidera, Zumalakarregi museoaren kasuan, eta metxeberria@k6gestioncultural.com helbidera Igartubeitikoaren kasuan. Itsas museoko jardueretan parte hartzeko, aldiz, hezkuntza@itsasmuseoa.com postara idatzi behar da. Kode bat jasoko du erabiltzaileak plataforman sartu eta esperientziaz gozatu ahal izateko.
‘Areago’ liburuxka
Igartubeiti museoko lehenengo jarduera herenegun argitaratu zuten. Igartubeitiko Maddi Etxeberria Komunikazio arduradunak azaldutakoaren arabera, hiru museoak koordinatu egingo dira ekintzak plataforman jartzeko: «Hiru egunez behin edo museo bakoitzak bere edukia igoko du plataformara».
Liburuxka batean oinarritutako ekintza da lehenengo hau: «Urtero Areago liburuxkak argitaratzen ditugu, eta horietako bateko ipuin batean oinarrituta egingo dugu lehenengo jarduera», azaldu du. Dena den, ez da derrigorrezkoa ipuina irakurrita izatea: «Askok ezagutuko dutenez, hori aukeratu dugu, baina informazioa plataforman jarriko dugu eta ez dute zertan irakurrita eduki behar».
Zehazki, Azenario bete misterio ipuina izango dute ardatz Igartubeitin: «Herenegun hasi ginen eta 7ra arte edo iraungo du, eta gero beste batzuekin jarraituko dugu», adierazi du Etxeberriak. Alarma egoera luzatzen ez bada, horren arabera dabiltza eta: «Apirilaren 11tik aurrera guk ere ez dakigu zer gertatuko den, eta horren zain ere bagaude».
Harrera ona izan du ekimenak lehenengo egunean: «Gure kasuan, 7 bat familiak izena eman dute dagoeneko».
Kaxatxoa sortzen
Ormaiztegiko Zumalakarregi museoan, aldiz, atzo ekin zioten ekimenari. Nire kaxatxoa izena du tailerrak: «Materiala berrerabiliz kaxatxo bat sortuko dugu; izan daiteke gaileta kaxa batetik sortutakoa ala ezerezetik kartoia erabiliz egindakoa», azaldu du Zumalakarregi museoko Hezkuntza eta Komunikazio arduraduna den Eider Arrutik.
Baliotsua eta garrantzitsua denari buruzko hausnarketa sustatu nahi dute ekimenaren bitartez: «Izan daiteke opor batean jasotako oskolak, bidai bateko tren txartelak edo festa batean kantatutako abesti baten letra».
Itsas Museoko edukiak, bestalde, gaur jarriko dituzte classroom plataforman.
Konfinamenduko egunek iraun bitartean jarraituko dute ekintzak egiten. Oraingoz 7ra arte egongo dira eskuragarri tailerrak, eta etxean geratzeko agindua luzatzen badute, gehiago antolatuko dituzte. Apirilaren 11ra arte, behintzat, ezarrita egongo da alarma egoera.
Ondareari buruzko jardunaldietarako epea zabaldu dute
Ondareari buruzko Europako V. jardunaldietarako proposamenak aurkezteko epea zabalik dago. Urrian izango dira jardunaldiak aurten. Europako Kontseiluak aurtengo ediziorako hezkuntza aukeratu du gai gisa. Maiatzaren 5era arte, ondarea ezagutarazteko jardueraren bat antolatu nahi duten erakundeek edo taldeek proposamenak aurkez ditzakete. Deialdiko proposamenak onartuta, udazkenean hainbat ibilaldi, erakusketa edo bisita egingo dituzte Gipuzkoako hainbat herritan.