«Neketsua dela badakit, baina hobe da etxean geratzea»
Duela urte eta erditik Shangain (Txina) bizi da Iker Korta ordiziarra. Orklik herrialde hortan duen lantegian egiten du lan. Koronabirusak eragindako krisia nola bizitzen ari den kontatu du luze eta zabal.
Urtarrila bukaeran koronabirusaren osasun krisia Txina kolpatzen hasi zen. Nola bizi izan zenuen egoera?
Txinako urteberriko oporrak ziren hain justu eta Kanbodia aldera joan nintzen. Aeroportu guztietan dagoeneko jende guztia maskarekin ikusten zen, nik ere eraman nuen. Desinfektatzeko lanak egiten ere ikusi nituen langileak. Hala ere, posible izan nuen Kanbodiara iristea.
Kanbdian nengoela, Orklik emergentziazko komitea sortu, eta horri esker, Kanbodiatik Euskal Herrira bueltatu nintzen. Enpresak pentsatu zuen hori zela egokiena. Otsaila hasieran izan zen hori. Euskal Herrian oraindik lasaitasuna zen nagusi, Txinan osasun krisia areagotzen ari zen bitartean.
Ordiziara iritsi eta familia eta lagunekin koronabirusaren inguruan hitz egingo zenuten seguru. Zein zen jarrera?
Parre egiten zuten. Urruneko gaia zen haientzat. Une hartan inork ez zuen pentsatzen Euskal Herrira ere iritsiko zenik, beraz, ardura gutxi erakusten zuten. Nik ordea, esaten nien, Euskal Herrira ere iritsiko zela, eta oso kontuan hartu beharreko gaia zela gainera. Ez dela ez gripe bat, garai hartan sasoiko gripe konparatzen baitzuten askok. Ez da munduaren amaiera, baina bai oso kontuan hartu beharrekoa, eta Txinan neurri oso zorrotzak hartzen hasiak ziren.
Shangain adibidez, hasiera-hasieratik jendea etxean gelditu da. Euskal Herrian ez bezala, erosketa guztiak Internet bidez egiten ari gara eta banatzaileek eramaten dute eskatutakoa etxe bakoitzera, ate ondoan utzi eta ondoren jasotzen dugu. Boluntario taldeak ere osatu dituzte Whatsapparen antzeko aplikazio baten bidez antolatzen dira. Behar duten bizilagunei erosketak egiteaz gain, hondakinak ere jasotzen dituzte etxez etxe. Shangaiko kaleek desertua ziruditen.
Nolako gizartea da txinatarra?
Shangai erlauntz batekin konparatuko nuke. Indibidualistak dira, munduko beste edozein hiriburutan bezala. Baina hau bezalako arazoen aurrean, komunitateari laguntzea, aurretik jartzen dute. Eta horri esker, Txinan ez da gehiago hedatu Koronabirusa.
Komunikabideek jakinarazi dute, Txinan osasun krisiari buelta ematen ari zaretela. Zu han bizi zara, hala al da?
Shangaira iritsi nintzenetik ez naiz lanera joan, berrogeialdian bainago, baina komunikabideek diotenez, badirudi ari garela normaltasunera bueltatzen. Etxeko leihotik ikus dezakedana da, jendea ari dela poliki-poliki kalera ateratzen. Neurriak hartuta, maskara jantzita, baina jendea ikusten da.
Orkliko lantegian adibidez, protokolo bat dago aktibatuta. Sartzen diren pertsona guztiak desinfektatu, maskara jantzita doaz langile guztiak, tenperatura neurtzen dute atean, kontrol handia dago.
Ia astebete da Txina barruan ez dela koronabirus kasu berririk atzeman.
Badirudi, barealdia badatorrela baina beste herrialde batzuetatik iritsitako pertsonak dira kezka sortzen dutenak.
Zu zeu Euskal Herritik joan zara. Nolakoa izan zen bidaia?
Parisen eskala egin nuen. Hango aireportuan, batzuk-batzuk maskara jantzita ikusi nituen. Arreta gehien deitu zidana da, hegazkineratzekoan, lehiatilan zegoen neska frantziarrak, eskuzorroak bai, baina maskararik ez zeramala. Hegazkinera sartu baino lehen, tripulazioak tenperatura hartu zigun banan-banan, eta hegaldi osoa maskara jantzita egin behar izan nuen. Horrez gain, inkesta bat bete behar izan genuen guztiok, nondik gentozen, sintomarik ote genuen, sintomak zituen norbaitekin egon ote ginen, eta horrelako galderekin.
Eta Shangaira iristerakoan?
Shangaiko aeroportuan kontrola ikaragarria zen, hegazkina goitik behera desinfektatu zuten lehenik. Langile guztiak buzoak jantzita eta neurri oso zorrotzak hartuz ari ziren. Hegazkinetik jaisten lehenak, italiarrak eta iraniarrak izan ziren, eta ondoren gainontzekoak, bi ilaratan.
Pasaportearen kontrolera iritsi aurretik ere, elkarrizketa. Hegazkinetik jaitsita, hiru egin nituen guztira eta tenperatura ere hartu zidaten. Horren arabera, pasaportean koloretako gometxak jartzen zituzten. Sintomak zituztuztenak eta ez zituztenak, eta zein herrialdetatik iritsitakoa zinen bereizteko.
Nire kasuan, gometxa horia jarri zidaten, Espainia krisi egoeran baizegoen dagoeneko. Gainera, 14 eguneko derrigorrezko berrogeialdia egiten ari naiz. Gaur hamahirugarren eguna dut. Aeroportutik atera eta enpresako kotxe batek jaso ninduen. Zorte handia izan nuen. Izan ere, Orkli, ondoko probintzian dago eta txoferra buzoarekin eta kotxea desinfesktatuta etorri zenez, etxera eraman ahal izan ninduen.
Normaltasunera buelta noizko eta nolakoa izaten ari Txinan?
Lanera bueltatzeko adibidez, Txinako gobernuari baimen pertsonalizatua eskatu beharko dio langile bakoitzak. Modu oso kontrolatuan egingo da lanera itzulera. Eta hau guztia noiz amaituko den ez dakigu, ez dag o datarik.
Bukatzeko, zerbait gehiago esan nahiko zenuke?
Argi eta garbi, ez dela munduaren amaiera, baina bai errespetuz eta kontu handiz hartzeko gaia. Norbanakoak, neurriak har ditzala erosketak egitera, lanera edo txakurra ateratzerakoan. Txinan hiru hilabete egingo ditugu gai honekin. Neketsua dela ondo dakit, baina hobe da etxean geratzea.