Osasuna beste guztiaren gainetik jartzeko eskaera
Osakidetzako mila langilek baino gehiagok «funtsezkoa ez den edozein jarduera erabat gelditzeko» eskaria egin dute. Sindikatuek haserrea adierazteko deia egin dute gaur eguerdirako.
Koronabirus kasuak Goierrin gora doaz, eta osasun zerbitzuak kolapsatu baino lehen osasuna bermatzeko neurriak eskatzen dituzten aldarriak geroz eta ozenagoak dira. Hala, Osakidetzako 1.200 langilek baino gehiagok «funtsezkoa ez den edozein jarduera erabat gelditzeko» deia egin dute. «Erabateko konfinamendua agintzea premiazkoa eta ezinbestekoa da».
Eskualdean 30 gaixo detektatu dituzte. Horietatik bederatzi Zumarragako Ospitalean daude Osasun Sailak emandako azken datuen arabera. Bederatzietatik bat bera ere ez dago larri zaintza intentsiboa behar duten gaixoak Donostiako ospitalera eramaten dituzte, eta bertako ZIU oheak betetzean hasiko lirateke eskualdeetako ospitaleetara eramaten. Goierrik, 100.000 biztanleko 44 koronabirus kasu ditu. Aldiz, Gipuzkoak 139,6 kasu eta Hego Euskal Herriak 188,5, datu ofizialen arabera.
Jendeak lanera joan beharra duenez, kalera irteten jarraitzen du. Kalean zenbat eta denbora gehiago egon, bakoitzaren interakzioak ugariagoa dira. Hortaz, gaixotzeko arriskua handiagoa da. «Arazoaren oinarrira jo behar dugu. Kutsatzeak, eta hedapena ahalik eta gehien saihestu behar ditugu», diote manifestua sinatu duten Osakidetzako langileek. «Ekonomia garrantzitsua da, baina are gehiago pertsonen bizitzak. Badakigu garai zailak bizi ditugula eta oso kontziente gara horretaz, baina garai zailek askotan erabaki zailak eskatzen dituzte. Erabateko konfinamendua hemen eta orain».
Euskal Herriko gehiengo sindikalak bat egiten du erabateko konfinamenduaren eskariarekin, eta horretarako lan jarduerak ere bertan behera uztea ezinbestekotzat jotzen dute. «Oinarrizko zerbitzuetan lan egiten ez dugun langileok lanera joatea behartuta gaude Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek interes ekonomikoak gure osasunaren gainetik jartzen dituztelako», salatu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek. Goierriko lantegi gehienak lanean dabiltza. CAFen, Irizarren, GKNn eta Cie Legazpin jarduna eten egin dute formula desberdinekin. «Aurreko krisi ekonomikoa langileok ordaindu genuen, eta orain errezeta bera aplikatu nahi digute. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Confebask eta CEN patronalei interpelazioa egitea beharrezkoa da lanpostu guztiak bermatuak egon daitezen. Ez dugu kaleratzerik onartuko», ohartarazi dute.
«Langileok haserre gaude», abisatu dute sindikatuek. Hala, gaur, 12:00etan balkoian burrunba egiteko eta haserrea erakusteko deia egin dute: «Langileok ez ditugu krisi honen ondorioak ordainduko. Eskakizun argi eta zuzena egiten dugu: gure osasuna, lanpostuak eta lan baldintzak bermatu».
Lan egitea, arriskutsua
Sindikatuek salatu dutenez, lantegietan ez diren segurtasun neurriak errespetatzen. «Oinarrizko zerbitzuetan jarduten dugun langileok gure osasuna bermatzeko neurri prebentiborik gabe ari gara lanean. Bi hitzetan: gure osasuna eta gure ingurukoena arriskuan jartzen ari gara». Murga sailburuak erantzun die «erabateko lehentasuna» dela langileak babestuta egotea.