Osasuna lehenesteko eskatu dute langileek
"Langileok haserre gaude" lelopean, protesta zaratatsuak egin dituzte Goierriko hainbat lantegietan ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek eginiko deialdira batuz.
Goierriko hainbat enpresek ez dituzte haien ateak itxi Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta patronalek lantegiak ixtea beharrezkoa ez dela iragarri ondoren.
Hori horrela, langileak gogoz kontra joaten ari dira lanera; haien esanetan, langileen osasuna eta senitartekoena arriskuan jartzen ari direlako. Martxoaren 27a Haserre Eguna izendatu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek. Deialdiarekin bat egin duten sindikatuek salatu dutenez, erabateko konfinamendua betetzea beharrezkoa da, eta horretarako ezinbestekoak ez diren lantegiak ixtea nahitaezkoa da.
Protokoloak betez lan jarduerarekin jarraitzeko baliabideak hurrengo astean iristekoak dira Indar lantegira. Sindikatuetako partaideek diotenaren arabera, oinarrizko zerbitzuetako langileen (osasungintza, garraio publikoa, garbitzaileak, adinekoen etxeak, supermerkatuak…) osasuna arriskuan dago beharrezko babes neurriak hartzerik ez dutelako. Langile horiek kutsatu ez daitezen, Indar bezalako lantegietako maskarak beste oinarrizko sektoreetara bideratzea eskatzen dute, haien beharra asetzeko helburuz, baliabideak zerbitzu publikoen eskuz utziz.
Gainera, aplikatutako aldi baterako lan-erregulazioak negoziatu gabe egin direla salatu dute ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek erregulazio horiek alarma egoera baino haratago ez luzatzea eskatuz.
Orkli itxita apirilaren 14ra arte
Orklik langileen osasuna zaintzeko helburuan oinarrituz, hiru astez lanean ibili ondoren, gaurtik aurrera apirilaren 14ra arte lan jarduera etetea erabaki du . Ordiziako lantegian ez ezik, Brasilen ere Aste Santuko oporrak astebete aurreratuko dituzte eta denbora tarte horretan, zerbitzu bereziak bere horretan mantenduko dira. Italian kokatzen den enpresa itxita dago lege-dekretuz eta Kunshangoaren jarduera berriz ere berreskuratu da.