EAJ: "Ez dugu oso zentzuzko jotzen erabaki hori nola hartu den"
EAJk ere atzo gauean kaleratu zuen oharra. EAJk "harridura" adierazi du Espainiako Gobernuak “funtsezkoak ez diren jarduera guztiak” geldiarazteko erabakia hartu duen moduagatik, jarduera hauek zein diren zehaztu gabe eta erabakia hartzeko orduan kontuan hartu dituen adituen irizpideak azaldu gabe.
Jarraian EAJ-k kaleratutako oharra:
“EAJ-PNVk harridura adierazi nahi du Espainiako gobernuak “funtsezkoak ez diren jarduera guztiak” geldiarazteko erabakia hartu duen moduagatik, jarduera hauek zein diren zehaztu gabe eta erabakia hartzeko orduan kontuan hartu dituen adituen irizpideak azaldu gabe. Iragan asteazkenean Diputatuen Kongresuan Covid-19ari aurre egiteko neurri multzo berri bat bozkatu zen, eta egun hartan esan zen neurri berri hau ez zela beharrezko jotzen. Atzo bertan, Espainiako gobernutik baieztatu zitzaigun neurri hau ez zela hartuko. Gobernuaren arlo zehatz batzuetatik eskatu zitzaigun jarrera hori defendatzeko orduan Exekutiboari gure babesa eskaintzeko. Gaur, gure harridurarako, irizpide hori aldatu dela ikusten ari gara. Halaber, ez dugu oso zentzuzko jotzen erabaki hori nola hartu den. Guk dakigula, gizarte eragileek ere neurri horren berri izan dute iragarri baino minutu batzuk lehenago. Berriro ere, neurri garrantzitsu bat iragarri da autonomietako presidenteekin bideokonferentzia egin baino egun bat lehenago. Berriz ere, autonomietako presidenteek horren garrantzi handiko neurria hedabideen bidez ezagutu behar izan dute. Ez dugu gure kezka ezkutatzen Espainiako Gobernuak leialtasun osoz jokatzen ari garen erakunde, eragile eta alderdiekiko duen gehiegizko aldebakartasunagatik eta errespetu eta komunikazio faltagatik. Uste dugu gure jarrerari ez zaiola behar bezala erantzuten ari. Hau esanda, neurria baloratuko dugu bere edukia zehatz-mehatz ezagutzen dugunean, bereziki “funtsezkoa ez diren jarduera” terminoaren esanahi zehatzari dagokionez, hori delako milaka euskal hiritar une honetan egiten ari diren galdera”.