ELA: "Albiste ona da, baina neurri horiek ezin dute langile klasea kaltetu"
ELA sindikatuak ere urgentziazko oharra kaleratu zuen, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak iragarritako neurria baloratzeko. Oro har, dio, albiste ona dela funtsezkoa ez den jarduera guztia geratzea, eta ez dela langileria kaltetu edo hainbat sektoretako pertsonen artean diskriminaziorik sortu behar.
Jarraian irakur daiteke osorik ELAk atera duen oharra:
“Dekretua zehatz-mehatz ezagutu gabe, ELAk ohartarazi du neurri horiek ezin dutela langile klasea kaltetu, ezta sektoreen arteko diskriminaziorik sortu ere.
ELAren ustez, albiste ona da Gobernuak funtsezkoak ez diren jarduerak geldiarazteko hartutako erabakia. Gogoratu behar da ELAk neurri hori eskatu duela azken asteetan, zientzialariek aholkatzen zuten bezala. Horregatik, ELAk uste du osasun publikoa lehenesten duen eta normaltasuna azkarrago berreskuratzen duen neurri positiboa dela.
Erabaki horrek agerian uzten du patronalak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak gaur arte defendatu duten gradualismoa akats eta arduragabekeria hutsa zela; langile klasearen eta kolektibo ahulenen osasunaren eta eskubideen defentsak lehentasuna izan behar du.
Dekretua zehatz-mehatz ezagutu gabe, sindikatuak ohartarazi du neurri horiek ezin dutela langileak kaltetu, ezta hainbat sektoretako pertsonen artean diskriminaziorik sortu ere. Beraz, iragarritako ordaindutako lizentziaren baldintza zehatzak ezagutzen direnean baloratuko dira.
Era berean, ELAk funtsezko jardueretako pertsonak lanean ari diren baldintza arriskutsuak salatzen jarraitzen ditu, kasu askotan osasun- eta zaintza-lanak, kasu gehienetan emakumeek lan egiten duten sektoreak”.