Elur maila 800 metrora jaits daiteke gauean, eta bihar 500 metrora
Goierriko gainak zurituko ditu elurrak gaur eta bihar artean. Euskalmeten arabera, ez du prezipitazio handirik egingo.
Koronabirusak sortutako osasun krisi eta alarma egoerari, bestelako fenomeno bat gehituko zaio gaur-biharretan: elurra.
Euskalmetek atzo iluntzean egindako iragarpen bereziaren arabera, elur maila 800-1.000 metro inguruan kokatuko da gauean, eta bihar goizaldean 300-500 metrora jaits daiteke. Hala ere, prezipitazioa ez da handia izango.
EUSKALMETEN IRAGARPEN BERRIA (Martxoak 28, 19:30)
Igandea, hilak 29:
Egunaren bigarren partean elur-kota 1500 m-tik jaitsiko da eta egun amaieran 800-1000 m inguruan egongo da. Egunaren bigarren partean prezipitazio txikia egingo du, bereziki kantauri isurialdean non zenbait lekutan ertaina izan daitekeen. Arabako zenbait lekutan izotz txikia egin dezake.
Aurreikusitako lodierak: 0-4 cm 1000 m-ra, 0 cm 600 m-ra, 0 cm 200 m-ra.
Astelehena, hilak 30:
Elur-kota goizaldean oso bizkor jaitsiko da 600-800 m-tik 300-500 m ingurura; eguerdi inguruan altuago egon daiteke. Prezipitazio txikia egingo du, bereziki Kantauri isurialdearen mendebaldean non noizbehinka eta zenbait lekutan ertaina egin dezake. Egunaren bigarren partean prezipitazio txikia egin dezake han-hemenka, bereziki mendebaldean. Trumoi-ekaitzak izan daitezke Kantauri isurialdean, bereziki egunaren lehen partean. Barnealdeko zenbait lekutan izotz txikia egingo du, mendi inguruetan handia.
Aurreikusitako lodierak: 0-8 cm 1000 m-ra, 0-6 cm 600 m-ra, 0 cm 200 m-ra.
AGIRIA. Euskalmeten elur iragarpen berezia