Kaleak doinuz apainduz
Konfinamendua luzea eta gogorra izaten ari da goierritar askorentzat baina umore onari eusteko musika ez da falta gure kaleetan.
Asteburu honetan herri askotako bizilagunak animatu dira instrumentuz edo musikaz lagundurik balkoietatik abestera. Beasainen adibidez, musika eskolako irakasle batek eta bere alabak trikitia eta pandero erakustaldia egin dute, bizilagunen irrintzi eta guzti. Bestalde, Nahia Martinez abeslariak, eguneroko legez, abesti saioa eskaini du. Seguran, elizako kanpaiekin bat txistulariak etxeko atarira atera dira Segurako alborada jotzera. Ormaiztegin, balkoitik balkoira egin dute txotx eta Zumarragan, ez dira ahaztu Amaia Arratibelen urtebetetze egunaz. Argi dago horrelako giroarekin egunak eramangarriagoak izaten ari direla.
Goierriko Hitzan zuen ideia eta ekimenen berri izan nahi dugu. Bidali zuen argazki eta bideoak goierri@hitza.eus helbidera edo partekatu ikus-entzunezko horiek sare sozialetan #etxeangeratu eta #goierrikohitza traolak erabiliz.