Konfinamenduan teknologia bidelagun
Eusko Jaurlaritzak Covid-19.eus aplikazioa jarri du martxan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskaltelek berriz, 'Besarkada birtualak' ekimena kaleratu dute.
Eusko Jaurlaritzak denontzat eskuragarri egongo den ‘COVID-19.eus’ aplikazioa aurkeztu du koronabirusak duen garapenaren jarraipena errazteko helburuarekin.
Nekane Murga Osasun sailburuak azaldu duenez, prebentzio tresna bat izango da aplikazio hau. Gainera, konfinatuta dauden gaixoen osasunaren jarraipena egiteko izango da baliagarria, anonimotasun osoa gordez. Aplikazioari esker kutsatu gehien eta gutxien dauden eremuak identifikatuko dira.
Aplikazioa Jaurlaritzaren eta EricTel euskal enpresaren arteko elkarlanaren fruitu da eta eskuragarri dago appstore eta playstore plataformetan, euskaraz zein gaztelaniaz.
‘Besarkada birtualak’
Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Euskaltelen eskutik jaio da ‘Besarkada birtualak’ izeneko ekimena. Adinekoen egoitzetan doako telefono lineak eta tableta elektronikoak jartzean datza. Gipuzkoako 65 egoitzetan bizi diren egoiliarrak eta haien senitartekoak gutxienez astean 3 aldiz elkartuko dituen proiektua da. Egoitza bakoitzak egutegi bat sortu beharko du, egoiliar guztiek gutxieneko deiak jasotzen dituztela bermatzeko. Tableta elektronikoak SIM bat eta aurrez instalatutako aplikazio bat izango du konexioak gauzatzeko.