Elurra hasi da Goierriko gainak zuritzen
Iragarpenak bete egin dira eta elurra egin du goizean. Goierriko hainbat herritan, inguruko belaze eta gainak zuritu ditu, baina kaleetan ez da askorik nabaritu.
Eguraldi iragarpenak bete egin dira azkenean, eta elurra ari du Goierrin. Elur kota 300-500 metro artean kokatu da, eta prezipitazio handirik izan ez bada ere, elurra egin du hainbat tokitan. Herririk gehienetan gainak zuritu ditu, baina kaleetan ez da askorik nabaritu; teilatu eta belar gune batzuk zurituta daude, baina errepide eta espaloiak ez.
Tenperaturak ere aldaketa nabarmena izan du atzotik. Ipar haizearen ondorioz, gaur maximoak 4-8 gradu artean kokatuko dira, eta barealdeko eta mendialdeko hainbat tokitan izotza ere egin dezake. Euskalmeten iragarpenaren arabera, bihar ere hotzetik hasiko da eguna, eta prezipitazioak ere izan daitezke goizean zehar, baina arratsaldetik aurrera, epeltzen hasiko da giroa, eta elur maila 1.000 metrora igoko da.